KRITIKA. Artea

Pasaerako sorpresak

Rafael Lafuenteren hainbat margolan, Gasteizko Artium museoan, Konposaketak erakusketan. RAUL BOGAJO / FOKU.
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

Rafael Lafuente. 'Konposaketak'

Non: Artium museoan, Gasteizen. Noiz arte: Maiatzaren 14ra arte.

Pasaeran, kasualitatez ikusten diren erakusketak gutxi izaten dira. Agian, erakusleiho handi bat duen galeriaren bat baldin bada, kaletik antzeman daiteke barnean dagoen hori, eta tentazioa sortzearen bidez sar zaitezke ondoren erakusketan. Halako kasuak, ordea, gutxitan gertatzen dira, eta, hain zuzen ere, besteak beste, hori dela-eta erabiltzen dituzte maiz museoek ere beren erakusketen berri emateko estrategia ezberdinak; museoen murruetatik kanpo, barnekoa ikustea ezinezkoa suertatzen delako gehien-gehienetan. Erakusketak kasualitatez edo pasaeran ikusteko beste aukera bat da museo edo instituzio barnera beste zerbaitetara joan eta kasualitatez erakusketa bat dagoen aretoa gurutzatu behar izatea. Horixe da niri azken aldian pasatu zitzaidana: kasualitatez, pasaeran, erakusketa bat aurrez aurre topatzea; eta zeinen kasualitate ederra, gainera!

Artiumeko erakusketen buletina iritsi zitzaidanean ikusi nuen Rafael Lafuenteren erakusketa ireki zutela. Haren pintura pare baten argazkiak ere bazetozen. Lanen estetikagatik segituan kokatu nuen euskal testuinguruko 70-80ko hamarkaden bueltan. Lan guztiz geometrikoen irudiak ziren. Pintura lanak ziren, ordea, eta, diziplina hau euskal arte garaikidearen historiografiak tradizionalki alboratu dituenetako bat izanik, ezer gutxi jakin ohi dugu haren barruan biltzen ziren artisten eta lanen inguruan. Ines Medinak garai bertsuan egiten zituen lanak etorri zitzaizkidan burura segidan. Medinak ere, oinarrizko geometria formak bilatuz, kolore lauzko mihiseak gauzatzen baitzituen. Bien arteko lotura posibleetan pentsatzen aritu nintzen pixka batean, baina beste zeregin batzuetan jarraitu nuen; mezu elektronikoa ezabatu, eta hor gelditu zen kontua, harik eta Artiumera joan nintzen egun hura iritsi zen arte.

Sorpresa hasieratik sortu zen. Aspalditxo zen areto hartara joaten ez nintzela, eta instituzioaren leku falta zela eta, ez nekien artxiboaren zati bat lehenengo solairura igo zutenik; hain zuzen ere, erakusketaren harrera aretora bertara. Museoaren erraiak bistaratzeko modua da; baina baita ikusi ohi ez denaren eta ikusten denaren arteko zuzeneko loturak egitekoa ere. Hain zuzen, Lafuenteren artxiboaren zati handi bat museoan baitago orain —agian, artxibategi horietakoren batean?— eta hura osatzen duten dokumentuetako zenbait artxibategiaren aurrean daude erakusgai. Artista testuinguru zehatz eta jakin batean kokatzen duten dokumentuak dira: Geometricos vascos-en izenean egindako talde erakusketen katalogotxoak —hara! Beraz, Ines Medinarekin batera aritu zen taldeko erakusketak egiten—, banako erakusketen kartelak... Eta guztietan interesgarriena, egutegi baterako egindako diseinua: lurraren estratigrafiaren irudikapen bat balitz bezala, kolore saturatuko lerro zabal irregularrak gailentzen diren lana. Nahitaez, Juncal Ballestinek egiten zituen zenbait lan gogorarazten zituena, formaz bederen. Lafuenteren ikaslea izan omen zen. Eta, pixkanaka, hariak lotuz doaz, forma hartzen, ezkutuko elkarreraginak azaleratzen.

Artxibo dokumentuen ostean, zuri-beltzeko hiru lanek ematen diote hasiera erakusketari, artistaren obraren sintetizazio gisara uler litezkeenak: sinpleak dirudite itxuraz, oinarrizko forma geometriko zuzenen mantxa beltz hutsak. Baina konplexuak dira sortzen dituzten konposizio eta efektuei dagokienez. Lerrodura zuri, zehatz eta finen bidez, hirugarren dimentsioaren efektu optikoa sortzen baitute, eta formei mugimendua eta bizia atxiki.

Eta aretora sartzean, eztanda. Zuri-beltzeko lanei kolore saturatu eta kartsuek ematen diete segida. Ikusleen begiradak atzitzen ditu lanetariko bakoitzak, haien konposizio, erritmo eta jolasek. Kolore eta formen ikerketa sakon baten emaitza dira, itxuraz hain sinpleak diren lan horiek.

Formatu handiko koloreen eztandek paper gainean egindako marrazki delikatu eta finei egiten diete lekua. Eta erakusketari, atzera, artxiboko materialek ematen diote amaiera. Kasu honetan, ordea, dokumentu hauek bere lanean sakontzeko parada eskaintzen dute: izaera efimeroa izan zuten proiektuen argazkiak, lan prozesuari buruzko apunteak, maketatxoak, eta erakusketako harribitxia: ETBn Lafuenteren zenbait lanen grabaketekin egin zituzten gortinatxoen kontratu agiria. Urtebete egon omen ziren telebistan emititzen. Haiek ere, jendeak, telebista ikusten ari zen bitartean, kasualitatez, pasaeran, sorpresaz ikusteko eginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.