KRITIKA. Antzerkia

Parkean jolasten

Agus Perez.
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun

'Muna'

Konpainia: Ganso & Cia. Zuzendaritza: Gorka Ganso. Zuzeneko musika: Txefo Rodriguez. Antzezlea: Cecilia Paganini. Lekua: Durangoko San Agustin kulturgunea. Eguna: Urriak 9.

Izaki misteriotsua da Muna. Antza denez, lur azpian bizi da, baina bera bezain misteriotsua den beste izaki batek, esnatu, eta bere zulotik egunero aterarazten du, haren kafeteratik irteten den usain gozoak erakarrita. Behin aire zabalean egonik, jolasean ematen du eguna parkeko bere lagun kafezalearekin eta hark sortutako musika xumearen konpainian.

Ganso & Cia konpainiak hitzik gabeko umore buruargia garatu du 2007an sortu zenetik, clown eta zirku teknikak uztartuz, eta askotan Gorka Ganso eta Cecilia Paganini izan dira antzezle taula gainean. Beste batzuetan Txefo Rodriguez izan da beste aktore-musikaria —Kaput, Babo Royal...—, eta oraingo honetan ere hartu du parte, musikari-artisau gisa, bere janzkera eta jarrera estoikoarekin parkeetan —ez dute beste lekurik— egoten diren arloteen figurari samurtasuna eta duintasuna ematen.

Artisautzat jo dugu Rodriguezek zuzenean jo duen musika, bere instrumentu nagusiak bost kontserba-lata, melodika bat, gitarra txiki bat eta parkeko zabuaren egitura metalikoa izan direlako. Soinu-iturri horiek zuzenean jota eta sanpleatuta, Munaren jardueraren laguntza musikal polita eta lasaia eratu du, une batzuetan haren laguntzaile eszenikoa izateaz gain.

Orain arteko lanetan publiko zabalerako ikuskizunak sortu ditu konpainiak, helduen gozamenerako eta umeak pertsona txiki baina osotzat hartuz, eta beren azken sorkuntzan —Alpha— bi burugabeen istorioak taularatzeari utzi, eta pertsonaia bakar baten kontakizun ia argumentalari ekin zioten. Oraingo honetan, aldiz, beste adin-tarte bat esploratu dute, bi eta sei urte bitarteko umeengan zentratuta.

Horrela izanik, oso ikuskizun lasaia planteatu dute, eta adin horietako umeen bizipen hurbil eta jostagarriak izan dira lanaren oinarria, konpainiaren ohiko finezia eta gauza arruntei esangura poetikoa ateratzeko gaitasuna beti presente egon direla. Parke batean gertatu da guztia, ume gehienen jostalekua parkeak izaten baitira, baina zabuak, tobogana eta gainontzeko elementuak aitzakia besterik ez dira izan apurka-apurka irudimenari ekin eta objektu arruntetik latazko panpina, funikularra, hegoak eta batek daki zer gehiago sortzeko.

Autobusean noala eta aurreko umemokoa pantaila batek xurgatuta ikusten dudan aldiro pena sentitzen dut beragatik. Eta gu guztiongatik, bide batez esanda. Balio dezatela honelako lan fin eta poetikoek hazten ari diren izaki samur horiei erakusteko mundu zoragarri bat dagoela esku-eskura dauzkaten objektu apal eta sinpleenetan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.