'Sumisioa'

Paranoia sentibera

2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Egilea: Michel Houellebecq. Itzultzailea: Gerardo Markuleta. Argitaletxea: Meettok.

Aurreko iruzkinean aipatu nuen gisara, literaturan aurreiritziak ez dira batere gomendagarriak, berdin dio irakurleak zein idazleak izan aurreiritzien protagonista. Michel Houellebecq-ek (Reunion Irla, Frantzia, 1956) beti jorratu du bizitzan zein literaturan ortodoxia eta zuzenketa politikotik at dagoen eremu zirraragarri bezain labainkorra.Ferdinand Celine-rekin alderatu badute ere, oso urrun dago bere satira Gauaren muturrerako bidaia-ren egilearen transzendentzia xedeaz, eta umoreak ere urruntzen ditu.

Sumisioa (Meettok, 2015) azken eleberriak, Gerardo Markuletak enkarguz ondo baino hobeto itzulia, edizioari hitzaurre landu bat falta zaion arren, bazterrak astindu zituen bere herrialdean lurrikara mediatikoa sortuz, Frantzian 2017an eman litekeen hipotesi politiko baten haritik tiraka: ustezko alderdi moderatu islamista batek boterea eskuratzea, eskuin-ezkerreko alderdien laguntzaz, Front National-a gelditzeko azken saiakera gisa.

Hipotesiaren betetze mailaz haraindi, ezin zaio ukatu Houellebecq-i nobela erakargarriak, miseriez trufatutako ukituekin, ontzeko duen trebezia ikaragarria. «Nahasi egiten ninduen, eta apur bat higuindu, historia politikoak oraindik eragina eduki ahal izateak nire bizitzan», dio Houellebecq-en alter-egoa ere den protagonistak (J.K. Huysmans XIX. mendeko idazle frantziarraren gaineko tesia idatzi ondoren, Sorbona III. Unibertsitatean irakasle), eta esaldi hori guztiz kontraesankorra lirudike, egilearen beste ezaugarri nagusietako bat bestalde, politikak eta politika-fikzioak bilbadura narratibo ezin erakargarriagoak ehuntzen baititu, Houellebecq misantropoaren lumaren irudimenerako ahalmenari esker.

Nobelak erritmo bizia bezain kaotikoa agertzen du: Houellebecq-ek aise apurtzen ditu literaturaren konbentzionalismo nagusiak, maisutasunez eta zabarkeriaz apurtu ere; bitxia egiten da nobelan agertu lehen deskribapen zehatzak protagonistak youporn kanal pornoan ikusitako bideoen gainekoak izatea, aurretiaz Huysmans-en gaineko ohar literarioak eta protagonistaren gainbehera moralaren gaineko hausnarketak gailendu direnean. Sexuaren gaineko erreferentziak ez dira faltako, emakumeak tratatzeko moduak arras zabarrak dira, konplexuak uxatzeko gisa erabili arren, sexuaren ezintasunak miseria morala eragingo dio protagonistari.

Frantzia gerra zibilaren atarian bizi da Houllebecq-en nobelan; egileak argiro ultra-eskuinarekin bat egiten duen seinaletzat jo dute nobela, islamaren mamuaren arriskuaz ohartaraziko bailuke, inorekin ezkontzen ez den Houellebecq-en hipotesia Front National-arekin bat bailetorke. Alta, oso urruti dago irakurketa hori, ene ustez, nobelak adierazi nahi duenarekin, alegia, satirak bakarrik salbatu gaitzakeela ezberdinari diogun beldurraren ondorioez. «Nire artikuluak argiak ziren, zorrotzak, distiratsuak; estimatu egiten zituzten, are gehiago sekula ez nintzelako datarekin atzeratzen. Baina nahikoa al zen hura bizitza bat justifikatzeko? Eta zer beharrizan dauka bizitza batek justifikatzeko?», dio protagonistak. Azken finean, Houellebecq-ek, pornoaz asetzen ez den gizaki sentibera nonbait, historiaren eromenaren aurka konponbide pertsonalak bakarrik geratzen zaizkigula gogoratu nahi du. Finean, islama irtenbide pertsonal gisa aukeratzen duen bere protagonistak bezala. Baina berdin aukeratu dezake kristautasuna, ala pornoa. Bizitzari dion beldur existentzialari aurre egiteko berdin baitira politika, literatura zein pornografia, tresna hutsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.