Literatur kritika

Paradisutik egotzia

2023ko azaroaren 19a
04:05
Entzun

fitxa

Liburua. Bekatua.

Idazlea. Goiatz Labandibar.

Argitaletxea. Erein.

Bekatua izena jarri dio Goiatz Labandibarrek bere estreinako eleberri laburrari, hori baita obra harilkatzeko idazleak darabilen motibo nagusia: 36 urteko emakume bat da protagonista, Garazi, eta, parranda zoro baten ostean, bera baino 17 urte gazteagoa den mutil baten ohean esnatuko da, ez bere ohiko bikotekidearen alboan. Gertatutakoaz oharturik, eta insomnioak astindurik, bizitzaz eta bere (eta bere ingurukoen) erabakiez hausnarrean hasiko da, eta, etika-jario horrekin, egungo gizartearen, eta, batik bat, belaunaldi oso baten erretratua osatuko du.

Hirugarren pertsonako narratzailearen aldeko hautua egin du Labandibarrek bere lehen nobela honetan, Garazi protagonistaren barne-munduan sartu, eta bere inkontzientearen ahots bihurtzeko. Izan ere, barne-bakarrizketa bat eraikitzen da orriz orri, eta lehen pertsonako diskurtso bat espero nuen arren, asko gustatu zait autorearen erabakia. Batetik, hausnarketa-multzo mardul bat dakarren nobela bat izanda, nire ustez, hirugarren pertsonako ahots horrek leundu egin ditu fikzioko ekintzen eta ez-fikziozko hausnarketen artean dauden ertzak, eta gardendu egin du bien arteko marra hori. Hala, idazleak apetatsu egin du salto saiakeratik hurbilago dagoen diskurtsotik fikziora, eta alderantziz. Eta neu ere, irakurle bezala, ohartu barik sartu naiz joko berean, oso modu naturalean eta bizian, gainera, noiz magma etiko horretan hausnarrean, noiz fikzioan igeri. Bestetik, narratzailearen ahotsak protagonista distantzia batetik (auto)epaitzea ahalbidetu dio Labandibarri, eta epaia are sinesgarriagoa egiteaz gain, iruditu zait hirugarren pertsonak mesede egin diola gertaerek eta ekintzek dakarten tonu komikoari. Horra hor nobelaren indargunea.

Badago, ordea, txanponaren beste aldean, horrenbeste konbentzitu ez nauen alderdi bat. Asko dira idazle on bat, ezinbestean, irakurle on bat ere izan behar dela adierazi eta praktikara eraman duten idazleak, eta nabaria da Labandibarrek ere men egiten diola uste horri. Gustatu zaizkit dakartzan aipamenak eta idazleak, esanguratsuak dira testuan; ostera, ez beti, baina, zenbaitetan, ekartzeko moduak berak huts egin dit; gehiegi bortxatu dituen irudipena izan dut, testutik atera naute, eta, fikziotik, testuinguru akademikoagoetara eraman. Hori gertatu zait, esaterako, Sandro Pennaren hitzekin. Esango nuke Amez ipuin liburuan hobeto landu duela testuartekotasunaren alderdia, oraingoan, aldiz, pare batean idazleak besteetan erakutsi duen abilezia hori faltan izan dut.

Alderdi hori kenduta, gustatu egin zait Goiatz Labandibarren apustua: nobela laburrak, transzendentala izan gabe, baina, egungo gizarte heteropatriarkalak eta kapitalistak inposatzen digun bizi-estiloaz eta alienazioaz pentsatzeko parada eskainiko dio irakurleari, ondo landutako bidaia narratologiko dibertigarri batean laguntzeaz batera. Horretarako, komediatik oso hurbileko tonu batez mintzo zaigu idazlea, zeinak, ironia baliatuz, etengabe egiten diren digresio existentzial horien karga eta seriotasuna leuntzea lortzen duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.