'Mi muñequita'
Lekua: Baionako antzokia. Eguna: Urriaren 10a.Oroimen luzeko ikusleek gogoratuko zutenez, orain dela bost urte etorri zen DFeriara Mi muñequita antzezlana. Gertakizun eszeniko hura ia oharkabean igaro zen gurean, baina bere jatorrizko herrian —Uruguay— fenomeno sozial bihurtu zen, burgesia kriolloaren bizimoduari egindako disekzio gupidagabeagatik. Orduko hura, gainera, Gabriel Calderon egileak sorturiko konpainiak berak taularatu zuen —Complot izen adierazgarria hartu zuten—, eta horrek balio gehitua eman zion muntaiari.
Harrez geroztik, Calderonek hemezortzi urterekin idatzitako lana Latinoamerikako antzerki garaikide eta militantearen ikur bihurtu da, eta horrexegatik hautatu dute Translatines jaialdiaren antolatzailek aurtengo edizio laburtuaren ekitaldi nagusian emateko.
Oraingo bertsioa Txileko La Mala Nueva konpainiaren eskutik etorri da —izen adierazgarria berau ere— eta jakin beharra dago antzezleek beraiek finantzatu dutela muntaia, beren sakeletatik dirua jarriz. Taula zuzendariaren ibilbidea ere esangura handikoa da: Adel Hakim egiptoarra bere herrian eta Libanon bizi izan da Frantzian errotu aitzin, eta bere lanen artean aipatzekoa da Palestinako Antzerki Nazionalarekin egindako Sofokles-en muntaia.
Izan ere, Hakimek greziar tragediaren balioak aipatu ditu emanaldiaren ostean izandako solasaldian, berak uste baitu Mi muñequita-n antzinatasun klasikoaren elementuak agertzen direla eta haietariko bat dela antzerkiaren izaera politikoa, agian hiritarra greziar etimologian, hau da, botereaz eta gizakien arteko harremanez aritzen dena, ikusleak epailearen rolean daudelarik. Alde horretatik, argi dago testuaren egitura zirkularrak patuaren ezinbestekotasuna gogoratzen digula, eta, tragedia klasikoen antzera, printzipioz garrantzi gutxikoak ziruditen gauzek ondorio larriak ekarriko dituztela argumentuaren makineria aurrera joan ahala.
Hala ere, badirudi Hakimek nolabaiteko ihesaldia egin nahi izan duela, jatorrizko testuaren izaera blindatuan umore ukitu sormentsuak txertatuz. Patu ahalguztidunaren ikuspegitik, ordea, antzua da ihes egiteko saialdi oro, eta tragediaren atal guztiak berdin gertatu dira, krudelkeria handiagoarekin ere, umorean bilduta etorri arren. Horrela izanik, trebezia handiz txertatu dira jatorrizko testuan pasarte dantzatuak, italierazko atalen izenburuak eta garai bateko kanta ezagunak. Antzezleek, berriz, pantomima kutsua eman diete gertakizun gordinei, eta bikain maneiatu dituzte melodramaren keinu patetikoak, obrako aztergaiak merezi zuen bezala. Era horretan itxi da desio ezkutuen eta mendekuen zirkulua eta bide beretik bete da panpina bihozgabe eta hilezinaren amesgaiztoa.