KRITIKA. Dantza

Oteiza eta Laboaren loraldiak

Agus Perez.
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

'Oteiza 110'eta 'Lekeitioak'

Lekuak: Bilboko Euskalduna jauregia eta Fundicion aretoa. Eguna: Martxoak 20.

Loraldi betean jarri ditu Loraldia jaialdiak inoiz zimelduko ez diren gure artista handi bi. Oteizaren figuraren inguruan Otehitzari biraka sortu zen 2005ean Kukai eta Tanttakaren elkarlanaz, eta haren jaiotzaren 110. urtemugan Oteiza 110 hau aurkeztu dute, orduko hura laburrago eginez baina haren ezaugarri berberak mantenduz: Jon Maia koreografo, Mireia Gabilondo zuzendari eszeniko, arbelak nagusi Fernando Bernuesen eszenografia soilean, eta dokumentazio-lan bideografiko dotorea David Bernuesen zuri-beltzeko irudi proiektatuetan.

Oraingo dantzariak orduko ia berak izan dira —Alain Maia, Izar Aizpuru, Jon Maia, Nerea Vesga, Urko Mitxelena— eta Jon Maia behegainetik altxatu eta aurresku eraldatuetan hasi denean berriz ere izan dugu haren fineziaz gozatzearen plazera. Gainera, emanaldian zehar garbi ikusi dugu oso maila bateratuan jarduten dutela haiek guztiek, eta nik uste dut orain askoz hobeto preziatzen ditugula bide berriak urratu zituen proposamen hartako pasarteak: Iparraldeko jauzi sailekoak, Lekeitioko Kaxarranka estilizatua, gure erara ekarritako tangoa, Oteizaren Par móvil delakoaren inguruko pauso jostariak…

Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel F. Krutzaga dira soinu-banda zirraragarriaren egileak, eta Iñaki Salvadorrek zein Antton Valverdek kolaborazio bana egin zuten hasieran eta amaieran, baina izen handien zerrenda ez da hor amaitzen: Xabier Lete, Mikel Laboa eta Nestor Basterretxearen ahotsak ere entzun direlako emanaldian zehar. Haien konpas emozionalekin eta Oteizaren adierazpen sukoiekin osatu ziren orduko pieza eta oraingo sorkuntza. Loraldia jaialdiak dio ez dela beste inon emango, baina nik uste dut Bilbotik kanpo ere, hau da, Euskal Herrian eta munduan eman beharko litzatekeela harribitxi eredugarri hau.

Eta Oteizarengandik Laboarengana, Lekeitioak izan direlako Mizel Theret lapurtarraren sorkuntzaren oinarria. Soka gorri batek markatu du dantza-gunea, eta Theret beltzez jantzita agertu da, dotore eta besoak agerian, estetika ez zedin oztopo izan bere funtsezko bilaketan. Laboaren saileko lehen pieza dantzatu aurretik (Orreaga) emanaldiko hari eroalea izango zena planteatu du: bizkarrez askotan, gorputzaren grabitate-zentroa nagusi, behegainetik hurbil, ama-lurrarekin kontaktuan baina aldi berean harengandik askatu nahian eta eskortzo ugariak lagun, azken finean eskortzoak direlako Laboaren musika-pasarte haiei hobekien egokitzen direnak. Lehen zati horretan bizkar gainean jarritako bi eskuek Sixtoren Kaperako irudi funtsezko hura ekarri digute gogora, eta geroko zati batzuetan espektrala iruditu zaigu Laboaren ahotsa —Gernika-n adibidez—,arimak burmuinetik igaro gabe edukiko lukeen ahotsa balitz bezala.

Hain zuzen ere, arimaren muinera joanda bidaiatu du Theretek Laboaren eremu behinenetaraino. Bide batez esanda, eite primitibo zoragarria eduki du Itsasoa eta lehorra-ko txalapartak, gaurko harmonia edo erritmoetatik libre, eta nik uste dut artistak askatasun zelai horietan aurkitu duela Laboak bere kantu erostezinetan erakutsi ziguna. Amaierako atalean (Dialektikaren laudorioa) entzun dugu gizaki apalek boteretsuak isiltzen direnean hitz egingo dutela, eta dantzariak pausatuki batu du ingurua mugatzen zuen soka gorria, geroko iluntasunean leun eta biraka desagertzen joateko. Esanguratsua zinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.