'TONTOLAPIKO EGUNA'
Konpainiak: Mundo Costrini eta Karrika antzerki taldea. Mundo Costriniko artistak: Facundo Alberdi (teknikaria), Romina Krause, Sebastian Guz. Karrikako antzezleak: Maite Lopez, Naiara Lopez, Gorka Madrazo, Garazi Magunagoitia, Maialen Magunagoitia, Patricia Urrutia (testua eta zuzendaria). Lekua: Durangoko Landako gunea. Eguna: apirilak 18.
Aste Santuko egunetan turismo masifikatuan murgildu nahi ez duten durangarrentzat plan polita da herriaren lasaitasunaz eta Ganso & Cia konpainiak antolatzen duen Tontolapiko Egunaz gozatzea.
Argentinako Mundo Costrini konpainiaren Frikis ikuskizunarekin hasi da jardunaldia, adin guztietako ikusle ugariek ondo atondutako aulkiak, mailak eta erdiko alfonbra betetzen zutela. Romina Krausek, Sebastian Guzek emandako saioak asko eduki du zirkutik, baina ez akrobaziaren aldetik, umorearen eta pailazo garaikideen artetik baizik.
Dudarik gabe, beren janzkera dotore baina naturalak eta soinu-banda zein efektuen egokitasunak asko lagundu dute asmo horretan, baina horrekin bakarrik ezin da zirku emanaldi oso bat eraiki. Hortaz, funtsezkoak izan dira ganorazko gidoi ez-argumentala eta dramaturgia landua, saio askoren barietatea eta tempoaren maneiu inteligentea. Umorearen diseinuan aipatzekoak izan dira beren buruei barre egiteko gaitasuna, ikusle txiki zein helduekin izandako harreman bizigarri baina delikatua eta betiko zirkuan erabilitako tekniken parodia fina.
Zorrotz jarrita, ez dute izugarrizko mailako ezer egin, baina batere akatsik gabe gauzatu dute dena —plater txinatarrak, kristalezkoak ziruditen bola multzoak esku-ahurrean ibiltzea, magia saioak...—, eta dena etorri da neurrian, ezertaz ere abusatu barik, edozein luzamendutatik urrun, eta hori da beren-beregi eskertu behar duguna. Txalo beroen artean eskertu dute adin guztietako ikusleak egon izana, eta niri, ez dakidala zergatik, amama ikusleen poza etorri zait gogora, bikotearen —eta batez ere, emaztearen— txorakeria alaiak eta burugabeak ikustean mendeku poetikoa hartzen ari zirelakoan euren garai gris eta tristeetan bizi izandakoaren kontura.
Jardunaldian zehar Karrika taldeak bost pase eman ditu Parkingdarrak lanarekin, Landako lur azpiko parkingean eta Patricia Urrutiaren sormen eta zuzendaritzapean. Hasiera batean sinestarazi digute mikrobus bat etorriko zela gure bila Tontolapiko ekimena inguruko herrietara ere zabaldua zelako, baina ustezko garraioaren ezean udaltzain bat agertu da, esanez baten batek salatua zuela aparkalekuko auto batean jendea bizi zela.
Eta hor hasi dira komeriak: sasiko bizilagunak deskubritu, eurek udaltzaina mozkortu, halako batean yoga irakaslea trizikloan agertu —lokal baten ezean, plaza libreetan ematen ei ditu eskolak—, pizten ez zen auto baten bultzakadan parte hartu eta koreografia batean amaitu dugu, autoko irrati-kasetetik irteten zen musika lagun.
Site specific irudimentsu honetan agerian geratu dira leku jakin baten aukerei esangura mamitsua ateratzeko abilezia, gaurko bizimoduaren gaineko gogoeta eta, beste ezeren gainetik, Durangoko taldearen kemen agorrezina. Arratsaldean Frantzia, Valentzia eta Kataluniako (Herrialde Katalanak) talde banaren lanak aurkeztu dira, baina bitartean ezin aipatu barik utzi Eneko Sagardoi ere egon dela parkingeko ikusleen artean, bere garaian bera ere izan zelako Karrika taldearen partaide.