Kritika. Artea

Ospakizun urratua

Balerdiren erakusketak bat egin du Altxerri galeriaren 30. urtemugako ospakizunarekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Rafael Ruiz Balerdi

Erakusketa: Tizas. Lekua: Altxerri galeria. Donostia. Noiz arte: ekainaren hasierara arte.

Azken hilabeteetan Donostiarekin harreman handia izan duten artisten atzera begirakoak antolatu dira hiriko hainbat espaziotan. Bonifaciorena Kutxa-Kubo espazioan eta Vicente Ameztoi eta Amable Ariasenak Koldo Mitxelenan. Kasu honetan, Altxerri galeriak, bere 30.urtemuga ospatzeko, Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarraren lanak erakustea erabaki du.

Balerdiren erakusketa antolatzearen erabakia ez da kasualitatea, galeriak aurkeztu zuen lehen erakusketan Balerdiren lanak erakutsi baitziren, Txillida anaiak, Laura Esteve, Vicente Ameztoi, Ramon Zurriarain, Juan Luis Goenaga, Amable Arias, Marta Cardenas eta Carlos Sanzen lanekin batera. Orain arte, 10. eta 20. urtemugak ospatzeko galeriaren lehen erakusketa honetan parte hartu zuten artisten taldekakoak berrantolatu ziren. Oraingoan, berriz, galeriak erakusketa talde horretako artista bakarrean ardaztea erabaki du. Balerdiren bizitza artistikoko garai jakin bateko lanak dira, 1977 eta 1985 artekoak. Garai hartako lanek badute ezaugarri berezi bat, margolanak sortzeko Balerdik klariona soilik erabiltzea erabaki baitzuen, olioa alde batera utzita.

Osotasunean, Balerdiren lanak kolore eta konposizio aldetik ikusgarriak dira. Ez dut inoiz ahaztuko artistaren inguruan Bilbon, 90eko hamarkadan, ikusi nuen lehen erakusketa. Izugarria iruditu zitzaidan forma eta koloreen arteko oreka lortzeko zuen erraztasuna, konposizio bikainak sortuz. Hartan klarionak eta olioak nahasten ziren, eta, orokorrean, konposizio aldetik emaitzak antzekoak ziren. Baina hainbat teknikaren erabileraren atzean bestelako ezaugarriak gordetzen dira. Klarionaren kasuan mugimendu eta trazuak azkarragoak eta markatuagoak dira, eta olioaren malgutasuna nahiz geldotasuna alde batera uzten ditu. Nolabait ulertzeko, klarionarekin sortutako emaitzak psikotikoagoak dira, emaitza zoragarri horren atzean jokabide obsesibo bat gordeko balitz bezala.

Portaera horrek, kolorean barneratzeko baino gehiago, erakusten du hura urratzeko bide bat. Eskuaren mugimendu jarrai baten bitartez, lerro amaigabeez eratzen den sare bat antolatzen da, eta kolorea bertan preso gelditzen da. Konposizioetan sortzen diren harri forma horiek batak bestearen kontra joka dihardute, haien arteko ehunka talkak margolanaren azalera irudikatzen duten bitartean. Baina talkak ez dira kasualitateak, artistak berak sortuak dira, antzinako erritu baten modura, eta bere burua margolanean barneratzen dute. Era berean, ikuslearekiko seinale moduan funtzionatzen dute: aurrealdean jarri eta haiek jarraitzen baditugu, artistak paisaia horretatik bere garaian egin zuen bidea berregin dezakegu. Ezaugarri horiek egin dute Balerdi euskal espresionismoaren adierazgarri nagusietako bat.

Balerdiren lana koloretsua, dinamikoa eta espresiboa da. Ezaugarri horiek direla eta, askok ospakizun modura ikusten dute erakusketa, eta Altxerriren 30.urtemugarekin lotura ezarri. Hala ere, lotura hori erabat azalekoa da, Balerdiren lanak gerrate ondorengo informalismoaren ezkortasunarekin zerikusi handiagoa baitu. Artistaren lanerako prozesuak portaera irrazional bat erakusten du, pentsamenduaren portaera espontaneoarekin lotzen den espresio modua. Euskarriaren aurrean jarri orduko trantze egoera batean murgiltzen den pertsonaren jokaera adierazten da artelanetan, prozesu arrazionala alde batera utzi eta jarrera existentzial bat planteatuz.

Azken finean, existentzialismoaren ezaugarri hori gaur egun hobeto lotzen da 30 urte bete berri dituen galeria bat omentzeko, eta batez ere Donostia bezalako hiri batean. Altxerrik bere ateak zabaldu zituenetik nazioarteko sona duten hainbat artistaren lanak erakutsi ditu (Genoves, Eva Lootz, Carmen Calvo, Mitsuo Miura, Gunter Foerg eta Esther Ferrer). Eta noski, Donostiako kultura alorreko espazio ezinbestekoa bilakatu da, artista horien guztien lana gerturatu digulako. Inoiz ez da garai ona izan galerientzako, baina gaur egun bizi garen egoerak hainbat espazioren desagerpena eragin du. Espazio honek, berriz, bere bideari jarraitzen dio, Balerdiren lanen antzera, talkaz talka eta urraduraz urradura, hiriarentzako ezinbesteko den jarduera bat jorratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.