Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Osotasunaren kontenplazioa

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun

'Life & Nothing More'



Zuzendaria: Antonio Mendez Esparza. Aktoreak: Andrew Bleechington, Regina Williams. Herrialdea: Espainia-AEB. Iraupena: 114 minutu.

Berriz post-Obamaren Ameriketako Estatu Batuetan gaude, berriz auzo pobre batean, eta berriz gazte galdu bat istorioaren nukleoan. Zorionez, Life & Nothing More ez da justu aurretik ikusi genuen alferrikako Sollers Point film babalorea. Hau ia kontrakoa da, edo behintzat, besteak izan beharko lituzkeen asmoak beteko ditu, remake on baten gisa. Sollers Point-en ez bezala, zinta honek egungo gazte iparramerikarren apatia eta egonezina primeran islatuko ditu, ikusleari pertsonaien bizipenen inguruan sortzen diren galderei eta erantzunei buruz pistak emanez.

Antonio Mendez Esparzaren—bai, espainiarra da— pelikula drama familiarraren eta erretratu sozialaren gurutzaketa da. Arrazismoa izan zitekeen pelikularen gai nagusia, baina inkomunika zioaren arriskua gailentzen da nagusiki. Bi seme-alaba dituen Regina ama senargabe afroamerikarraren istorioa du ardatz. Gogor arituko da lanean hiru urteko alaba eta Andrew seme nerabe konfliktiboa aurrera ateratzeko. Aita kartzelan izanik, eta amaren akatsen eraginez, Andrewk ez du bere bizitzan helbururik aurkitzen, bizi den aukera gutxiko inguru latzean.

Filmak egitura narratibo kuriosoa du, pertsonaia ezberdinen bizipenak tartekatuz, denbora eta erritmo desberdinak emanez; zuzendari trebeak, elipsiaren erabilera ezinhobeaz, osotasunaren itxura eman dio zatien batuketari. Horrela, amaren kezkak eta amodioak ere ezagutzeko aukera izango dugu, gizonezkoekin duen harreman txarra agerian jarriz. Amaren pertsonaia karismatikoa hunkigarria suertatuko da, nahita edo nahigabe gertatzen ari den guztiaren protagonista izateraino, filmari diskurtso feminista ausarta gehituz.

Zinemaldian sinesgarritasun handiko filmak ikusi ahal izan ditugu, baina baliteke hau izatea errealitatearekin egiantza handienekoa. Eta baliteke berriz aktore ez profesionalen erabilera bikaina arrakastaren gako garrantzitsua izatea. Mila aldiz kontatutako istorioa izan arren, merezi du filmaren ikuspuntu burutsu eta diskurtsiboak; osotasunaren kontenplazio ariketa bikaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.