KRITIKA. Antzerkia

Oso serio hartu beharreko jolasa

Maddi Sara Goikoetxea Juanena
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun

'Troia'

Aktoreak, zuzendaritza, testua: Iraia Elias, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola (Kamikaz Kolektiboa). Zuzendari bidelaguna: Espe Lopez. Tokia: Zarauzko Santa Klara komentua. Eguna: uztailaren 7a.

Kamikaz Kolektiboaren identitatea, haren azken sorkuntzek—Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanak, esaterako— ondo adierazi bezala, umorean txertatuta dago erabat. Ez edonolako umorean, baina, umore zirikatzaile, xaxati batean baizik: kritikarako eta hausnarketarako beta ematen duen horretan. Pasa den ostiralean Zarauzko Kalerki kale antzerki jaialdian estreinatu zuten Troia, beren esentziari eutsiz publiko familiarrari eta euskarazko kale antzerkiari keinu egiten dion lana.

Pakiles, Monika eta Azeri Buztan hainbat marrazki bizidunetan nahiz komikitan aurki ditzakegun hiru superheroi dira: erdi-gizaki erdi-jainko den gizon indartsua, teknologia berrietan aditua den emakume hipersexualizatua, eta ekialdeko jakintsu espirituala, hurrenez hurren. Jesus Eguzkitza narratzailearen ahots ezagunak gidatuta —Dragon Bola-ko bikoizlea—, haur eta helduek identifikatuko dugun mundu batean murgilduko gaituzte, irudiak, soinuak, koloreak eta efektu bereziak antzerki artisau batera eramanez; eta ikusleak sentituko du edozein eguerditan telebista aurrean dagoela, beste ehunka lagunekin sofa konpartitzen.

Superheroien ohiturei jarraiki, misio garrantzitsu bat du esku artean hirukoteak: arrisku potentzial batetik herria salbatzea. Harritu egingo dira, ordea, horretarako botere berezirik gabe geratu eta beldurraren zaurgarritasunari bakarrik aurre egin behar diotela ikustean. Zulo beltzera egingo dute salto, bertan zer dagoen jakin gabe, beren itzala besarkatu eta izaki multidimentsionalak garela deskubritzeko, denok bat.

Zaila egiten zait ideiok tonu solemnean planteatu eta herritarrak bere horretan jasotzen irudikatzea; aitzitik, modu arinean, jolasti adierazi dizkigute, eta guk ere hala jaso ditugula esango nuke. Horrela, arin sentitzen dena sakona ere izan daitekeela erakutsi digute, berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.