'Emakumeak botanikan'
Non: Bergarako Laboratorium museoan.Noiz arte: urtarrilaren 6ra arte.Artearen inguruan aritzen garenok —gehienak behintzat— espezializatuta egon ohi gara arlo edo garai zehatz baten bueltan, eta, normalean, haren inguruan aritzen gara; ez soilik lanean; erakusketak ikusteko garaian ere haietatik hurbil kokatzen diren horiek izaten dira aukeratuak maizen. Hala ere, horrek ez du esan nahi, inondik ere,beste garai edo arloetako ekoizpenen inguruko zaletasun eta jakin minik ez dugunik; plazerragatik batzuetan, baina besteetan ustekabeko ekarpenak ere jasotzen direlako haietatik. Kritikak irakurtzen dituen horrek badaki normalean arte garaikidearen bueltan ibiltzen naizela; bada, ikusi dudan azken erakusketa, Emakumeak botanikan, nire ezkutuko plazeretako bati segika aukeratu nuen.
Ikasle batek eman zidan, lehenik eta behin, erakusketaren berri, eta handik egun pare batera, lore eta landareen inguruko blog bat irakurtzen ari nintzela, iragarpen kartelarekin jo nuen. Kointzidentzia hutsa izan zen agian, baina halako kasualitateek eragiten didaten graziak eta kartelaren edertasunak bultzatuta, Bergarako (Gipuzkoa) Laboratoriumera inguratu nintzen.
Gogoz bertaratu nintzen, emakumeek ilustrazioen bidez botanikaren esparru zientifikoan egindako ekarpenen berri banuelako, baina haiek zuzenean ikusteko aukerarik ez nuelako izan oraindik; gehienbat, proiektatutako irudien bidez, eta espezialisten hitzen bidez nituen ezagunak. Ilusioz nintzen, beraz, gogotsu: zer ikusiko, zer ikasiko.
Erakusketa txikia da, hiru aretok eta pasilloak osatzen dute. Sarrerak, aurrez sortutako espektatibak betetzen ditu, berde ilunez pintaturiko hormek kartelaren hondoarekin bat egiten dute; harrera gozoa da, atsegina. Berde koloreak erakusketara darama ikuslea, lehen aretoa ere kolore beraz pintaturik baitago, hormetako proposamenak biltzen dituela. Tarteko gela, aldiz, koral kolorekoa da, eta hormen aldizkatze honek, erritmo interesgarria eransten dio erakusketari. Haietan topatzen diren irudiak ere zoragarriak dira, landare ezberdinen aztertze fisiologiko bikainak, egile bakoitzak bere estiloan egindakoak, XVII. mende aldean hasi eta gaur eguneraino luzatzen direnak.
Baina hauetan agertzen den detaile eta xehetasunetako bakoitza ikusteko lanetara gerturatzen hasita, euskarrien gainazalean begiak geroz eta gertuago jarrita, espero ez nuen zerbaitekin aurkitu nintzen. Lanek ez zuten inolako testurarik, ez eta materialtasunik ere. Erabat lauak ziren. Lehenengora itzuli nintzen berriz ere badaezpada, berriz ere guztiak banan-banan ikusteko asmoz, eta orduan ohartu nintzen hormetan eskegitako lan guztiak kopiak zirela, erreprodukzio digitalen inpresioak. Eta, orduan, hasierako dezepzioaren ondoren, hasi nintzen pentsatzen, edo erakusketara itzultzen modu arrazionalago batez: argi zegoen lanen jatorrizko instituzioetako politikak direla eta, haiek Laboratoriumen erakusgai ipintzeko baimenik ez luketela emango; beraz, erreprodukzioak zirelako genuen haiek ikusteko aukera; eta izatez oso kopia onak ziren, nahiz eta originalen zenbait ezaugarri —testurak, bolumenak...— galdu egiten ziren. Beraz, balantzan jarrita, zergatikjo ohi dugu gutxiespenera erreprodukzioak diren lanen aurrean, haiez gozatzeko aukera —bestela izango ez genukeena— azpimarratu beharrean? Izan ere, eta arte garaikidera salto eginez, zenbat lan dira erreprodukzioen bidezkoizaera dutenak, eta gutxiesten ez ditugunak? Zer pentsatu eman zidan ustekabeak.
Dena den, diskurtsoak —edo diskutso faltak— ez die gehiegi laguntzen irudiei. Inolako ekarpen berezirik egiten ez duen testu nagusi bakarra dago erakusketan, zeina lan bakoitzaren alboan kokatutako egileen biografia luzeegiekin osatzen den, askotan, lanen irakurketarako beharrezkoak ez diren datuen pilaketekin burututa daudenak. Zalantza egin nuen, zientziari dedikatutako espazio batean egoteak baldintzatu ote zuen komisariotza, baina ez du zergatik. Kuriositatez, museotik ateratzerakoan erakusketaren katalogoari begirada bat bota nion, eta nire harridurarako, bertan gaiari ikuspuntu ezberdinetatik heltzen zioten artikuluak ikusi nituen, baina erakusketan itzalik ere ez zutenak. Penaz itxi nuen liburua, argitalpena erakusketaren osagarri izan beharrean, alderantziz izan dela baitirudi.