budapest festival orchestra
Zuzendaria: Ivan Fischer. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Bakarlariak: Anna Lena Elbert (sopranoa), Olivia Vermeulen (kontraltoa), Martin Mitterrutzner (tenorra), Hanno Mueller-Brachmann (baxua). Egitaraua: W. A. Mozarten 38. sinfonia, Praga deitua, eta Requiem. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuaren 18a.
Wolfgang Amadeus Mozart hil eta 34 urte geroago, haren koinata Sophie Haibelek gutun bat bidali zion Georg Nikolaus Nissen diplomazialariari —Mozarten lehen biografoa ere izan zena—, konpositorearen bat-bateko gaixotasuna eta heriotza kontatuz. Bertan jasotzen ditu Salzburgoko jeinuaren azken hitzak: Sophieri esan omen zion mingainean heriotza dastatzen zuela jada, eta Süssmayrri Requiem-a nola amaitu behar zuen azaldu ondoren, hil baino lehen egin zuen azken gauza tinbalen soinua ahapetik kantatzen saiatzea izan zen; «oraindik ere entzun dezaket», dio Sophiek. Historiaren ironia akaso, hori izan da, ziurrenik, gehien zabaldu den obra mozartiarra.
Obra ezaguna izaki, arinkeriaz tratatzeko arriskua ere badu, baina Mozartek maisuki jasotzen ditu hemen fede kristauan heriotzak duen esanahia zein hil ondoren etor litekeenaren aurrean sortzen diren sentimenduak: amorrua, beldurra, itxaropena, lasaitasuna. Horiek eragiteko, pieza guztiak ondo lotu behar dira, eta Kursaalean ez zen lortu. Orkestra guztiz egokitu zitzaion errepertorioari, kopuru neurtuan eta ñabarduraz beteta; horri Orfeoiko 110 ahots baino gehiago gehitzea lehen hutsegitea izan zen, batez ere partiturak eskatzen dituen zehaztasuna eta xehetasunekiko arreta galdu zirelako. Masaren indarra onartzen duten pasarteetan, nahiko sendo; tesitura zertxobait tenkatzen zenean, oso motz. Agian masa maneiatzeko asmoz, Fischerrek tempo motelegiak aukeratu zituen Rex tremendae eta Hostias zatietan, eta hainbat desdoitze sortu. Bakarlari laukotea ere desorekatu samar aritu zen, bakoitza bere kasa, eta loturarik ez izate horrek Recordare zatiaren samurtasuna zapuztu zuen guztiz. Obra bat hamaika aldiz interpretatu izanagatik ere, ezin lantzeari eta zaintzeari utzi.
Lehen zatian bai, hor atzeman ahal izan zen Mozarten sakontasun jostalaria. Orkestra orekan, haizeak bereziki distiratsu, hariak trinko, arnasari ere tartea utzita. Tamalez, Requiem garratzak zirrara eta goxotasun zantzu oro ezabatu zituen, heriotzak bizitza ezabatzen duen bezala.