Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Kritika

Ordubeteko arnasketa

Arkaitz Mendoza.
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Kursaal auditoriuma

Bambergeko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Jonathan Nott.

Egitaraua: Gustav Mahlerren 6. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 1.

Jonathan Nott zuzendari ingelesak arnasketa bakarrean begiztatzen du Gustav Mahlerren obra. Hasieratik amaierara, arnasa sakon amaigabe batean murgiltzen da Mahlerren musika purrustada. Bamberg hiriko musikariek arima, gorputza eta jakinduria osoa plazaratu zuten sinfoniaren atal eta ñabardura orotan. Ikusgarri begientzat, gozagarri belarrientzat. Nottek ez zituen melodiak zaborretara bidali, garrantzi pareko melodien batuketan oinarritu baitzen haren Mahlerren eraikuntza erraldoia. Biolinen tentsiotik zurezko haizeen soinuen muntatze zoragarrira, Bamberg arnasketa amaigabean. Perkusioaren kolpekada bakoitzak etorkizunaren patua markatzen zuen, bihotzerako ziztada basatia zein atsegina.

Nott zuzendariak indar handiko interpretazioa jorratu zuen, bezperetako Johannes Brahms eta Franz Schuberten hari berberean; orkestra inoiz erlaxatuz, tentsioa une oro mantenduz nota batetik bestera, aurrekoa iragana balitz bezala tratatuz, begiak aurrera, obra ez dela amaitu ohartaraziz, hurrengo pasartean emozio kutsu nabarmenagoa adieraziz. Sinfonia osoa maila ikaragarrian azaldu zen, baina hautatzeko garaian Andante moderato xarmagarri bat izenda beharko genuke. Notten besoek musika irudikatu zuten auditoriumeko eguratsean, eta entzuleak itxuraldaketa liluragarri batean sakondu ginen, maisu handiek soilik lortzen duten izenondo adierazezinak zerrendatzeraino. Mahlerren magia aurrez aurre eta gu gozamen horren partaide, paradisu ikusezina! Tronpa eta oboe bakarlariak, bikain; biolontxeloen emate jarrera, txalogarri; eta, oro har, Bambergeko Orkestra Sinfoniko osoa, txapela eranzteko moduko erakustaldian. Ordubete luzeko arnasketa amaigabeak ez gintuen itolarrira eraman, musika mamitsu horrek poz jarioz fisikoki gu denok neke-neke utzi bagintu ere, berebiziko kalitatezko musikaz gozatu genuen seinale. Zorionak, Bamberg!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.