'Luna de miel enEl Cairo'
Egilea: Francisco Alonso. Musika zuzendaria: Miquel Ortega. Eszena zuzendaria: Emilio Sagi. Musikariak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Abesbatza: Rossini abesbatza.Non: Bilboko Arriaga Antzokian. Noiz: 2019ko martxoaren 3an.Franco diktadorearen errepresio gordinaren erdian, eta naziei eta faxistei hark emaniko sostengu kriminalaren sasoian, Francisco Alonsok 1943ko otsail gorrian eta Madrilen estreinatu zuen Luna de miel en El Cairo, haren esanetan, opereta. Granadan (Espainia) jaiotako musikari emankor hori ezagunago egin da Las Leandras eta La calesera zarzuelak konposatzeagatik. Gure ustez, opereta baino gehiago hiru generoren nahaste-borrastea da: amerikar musikalarena, europar operetarena eta, noski, espainiar errebista edo zarzuelarena. Horren froga dira Ven que te espero en El Cairo fox-trota, Amores Primeros martxa eta Una princesita de alma soñadora pasodoblea, beste charleston, bals eta iberiar kutsuko doinu batzuekin batera. Egia da zarzueletan baino zati mintzatu gutxiago daudela, baina Jose Muñozen jatorrizko libretoak ez du ez hanka ez buru —zer espero behar genuen zentsura militarraren azpian idatzita—. Hala, Emilio Sagi berak esku hartu zuen zati batzuk ebakitzeko, besteak laburtzeko eta Maitetxu mía zortzikoa Alonsoren partituraren gainetik jartzeko. Gure ustez, sobera zegoen pasartea; izan ere, musikologoen arabera, zortzikoa ez da jatorriz euskalduna. Alabaina, aitortu behar dugu Sagik ondo menderatu zuela eszena Daniel Blanco eszenografoaren laguntzarekin, antzerkia antzerkiaren barruan primeran kokatzeko: lehen ekitaldian, hiru eskailera mugikor abiaraziz entseguaren esparruan barrena, eta abesbatza eta dantza taldeak bikain mugiaraziz bigarren ekitaldian, espektakuluaren agerraldiaren barruan.
Abeslari bakoitzak ondo abestu zuen bere kantaldia, aktore rola jokatuz. Horretan lan gehiago izan zuen Beatriz Diaz sopranoak, eta gaitasun sendoa erakutsi zuen; Mariola Cantarerok, berriz, eskarmentua erakutsi zuen, eta egoki kantatu zuen. David Menendez baritonoak ez zuen eroso abestu, nahiz eta tinbre oneko ahotsa adierazi. Asko gustatu zaizkigu Itxaro Mentxaka mezzoaren eskarmentua eta kantu erregularra, nahiz eta asko luzitzeko tesiturarik ez izan: Tapatía esaterako. Beste horrenbeste esan behar dugu Jose Manuel Diazi buruz: ederki haizeratu zuen garaian garaiko sexu anbiguotasuna.
Miquel Ortega musika zuzendariak polito bete zuen lana, eta ez zuen inolako arazorik izan ez abeslariekin eta ez Bilbao Orkestra Sinfoniko murritzagoarekin. Biek bietara eder islatu zuten konpositorearen partitura alaia eta ondo orkestratua. Aipatu behar ditugu Nuria Castejonen koreografia egokia, dantza taldea eta baita Rossini abesbatzak ikuskizun osoan egindako lan ona ere.