HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Madama Butterfly'

Opera

2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Idazlea eta ilustratzailea: Benjamin Lacombe. Itzultzailea: Uxoa Iñurrieta. Argitaletxea: Ibaizabal.

Opera gustuko baduzu, edota maitasun istorio dramatikoak maite badituzu; kolonialismoa gorrotatzen baduzu, edota kolonialismoaren eragin kaltegarria salatzeko arrazoi bila bazabiltza; Giacomo Puccini musikagilearen zalea bazara, edota Pierre Lotiren obraren arrastoan bazabiltza; ilustrazio birtuosoa maite baduzu, edota hamar metroko luzera (!) duen ilustrazio bat zabaltzeko lekua baduzu... zorionekoa zu!

Hori dena —eta gehiago— aurkituko duzu Madama Butterfly liburuan.

Gure txoko hau haur eta gazte literaturarena izanik, sortzen den lehen zalantza da—zalantza handia, nire kasuan— ea posible ote den halako obra batek gazte irakurlea erakartzea. Mamiarengatik eta istorioarengatik, ez ote da lan hau beste adin baterako? Helduen kezka molde ñabartuago batentzat?

Ongi iruditzen bazaizu, ezer erabakitzeke, datuak mahai gainean jarriko ditugu, eta bakoitzak atera dezala bere ondorioa.

Istorioa XX. mendearen hastapenetan kokatzen da, eta hiru ekinalditan idatzita dago. Lehen ekinaldian, Pinkerton tenientea Japoniara iristen da negoziotan aritzera. Goi mailako kolonoen ohiturari jarraituz, etxea eta emaztea erosten ditu bertan igaroko duen denboraldia «atseginagoa» izateko. Aholkuen aurka, emakume desegokia aukeratzen du, Butterfly anderea: fidela, zintzoa eta hitzekoa. Bigarren ekinaldian, Butterflyren jarrerarekin izutu egiten da Pinkerton, eta Ameriketara itzultzen da, gezurra esanez. Butterfly haurdun dago, eta beste inork ez daki. Hirugarren ekinaldia hiru urte geroago hasten da. Butterfly zain izan du, bere ingurukoen aholkuen kontra, senarrak ezin diola traizio egin sinetsita. Pinkerton, ordea, beste emakume batekin ezkondu da Ameriketan. Semea duela jakitean, Japoniara doa haurraren bila. Butterflyk haurra ematen dio, eta bere buruaz beste egiten du.

Gogorra, ezta? Ba, horixe, opera erromantikoen garaiko drama bat.

Testua samurtuta dator, goiko datu guztiak ematen badira ere, arin eta erraz irakurtzen da, Lacomberen eta Iñurrietaren lanari esker.

Narratzaile lana protagonistak egiten du, Pinkertonek, eta hasieratik aitortzen digu bere damua eta koldarkeria. Istorioak ez du zirrikiturik uzten: irabazle moral argi bat dago (Butterfly, jokabide zuzenaren eredu) eta galtzaile bat (Pinkerton, bi jokabide erakusten dituena, kolonietan kaskarin eta Ameriketan hiritar eredugarri).

Halako liburu handia izanik (27x39 cm) ilustrazioak ikusgarriak dira, eta Lacomberen marrazketarekin giro erromantiko eta tragikoa ziurtatuta dago. Gainera liburua akordeoi eran ekoitzi dute, eta atzeko aldean hamar bat metroko luzera duen irudi sorta dago, dena japoniar inspirazioan, arrainak, loreak, txoriak eta tximeletak, jakina.

Argitalpen hau Ibaizabalek azken aldian plazaratutako antzeko obren arrastoan dator; hurbilena, dudarik gabe, Ondine albuma da, opera ospetsua sortu zuen drama erromantikoan oinarritua dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.