Kritika. Musika

Ondarroatik Bilbora

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun

Su Ta Gar eta Auritz



Non: Santana 27 aretoan, Bilbon.Noiz: Abenduaren 27an.

Hiru hamarkada bete dira Su Ta Gar taldeak aurreneko kontzertua eskaini zuenetik. Urteurrena behar bezala ospatzeko, kontzertu bira berezia egiten ari dira. Maketetako eta lehen bi diskoetako kantuez osaturiko errepertorioa prestatu dute denboran atzera egin eta hastapeneko doinuak berreskuratzeko.

Gaua pizteaz Auritz bizkaitarrak arduratu ziren. Laino Eder Hori disko-liburua atera berritan, plaza aproposa topatu zuten aurkezteko. Milatik gora lagun begira izan zituzten. Mikel Bizar (Idi Bihotz ohia) abeslariak gidaturiko bandak kontzertu indartsua eta bizia eman zuen. Euskarazko heavy metalaren oraina dira. Nahi, Zin Dagizut eta Uren Kantua singleak ez ezik, disko kontzeptualeko beste hainbat jo zituzten. Esaterako, Tillandsia ederra, omenaldi gisara.

Ikusleen gehiengoak, ordea, euskal heavyaren aitzindariak ikusteko gogoa zuen. 1988ko abuztuaren 14an Ondarroako gaztetxean eskainitako lehen kontzertutik 2018ko abenduaren 28an Bilboko Santana 27 aretoan eskaini behar zutenera iritsi ziren. 30 urte hauetan guztietan aldaketa ugari, diskografia mardula eta mila bizipen pilatu dituzte. Hastapenekoak berreskuratu eta guztiekin konpartitzea erabaki dute.

Irribarre batekin agertu ziren lau musikariak agertoki ikusgarrira. Argiztapen paregabea, bi telebista pantaila eta taldearen tamaina handiko logoa bateriaren gainean. Memoria ariketari Diruaren esklabu kantu bikainarekin eman zioten hasiera. Jaiotze basatia estreinako diskoko abesti guztiak jo zituzten, gainerakoekin tartekatuta. Halere, maketako abestiak berriz ere zuzenean entzutea izan zen bereizgarriena. Heriotzaren semea, Gudari eta Infernurako bidean instrumentala nabarmen gozatu eta abestu zituzten zale beteranoenek. Aldiz, Nire zainetan ez zuten horren gogoan, eta gipuzkoarren altxorretako bat da.

Arnasaldiak izan zituen emanaldiak. Zure aurrean makurtzen naiz abestiak erritmoa zertxobait lausotu zuen, Hortzak estuturik diskoko eztanda bikoitza eskaintzeko: Azkar zuregana eta Nazka. Abiadura eta indar beldurgarriarekin eskaini zituzten. Disko bereko Itxaropena balada ere jo zuten, noski. Bideo emankizunekin ere arnasa hartu zuen laukoak. Bira berezi honetan, 1990eko hamarkadako irudi zaharrak eskaintzen ari dira telebista pantailetan. Elkarrizketak, estudioko grabazio zein bihurrikeriak eta zuzeneko emanaldiak.

Etenaldi labur horien ostean, heavy metal zaparrada berriak eskaini zituzten. Tartean, Basamortuetako zalduna maketako harribitxia. Bukatzeko, berriz, azken urteetan jotako bertsio bat, zorionez, baztertu, eta benetako kantu baten moldaketa bat berreskuratu zuten: Judas Priest erreferenteen Electric Eye kantuaren moldaketa Elektrik Ai!, maketan. Hori bai, ingeles txukunagoarekin abestu zuten.

Erretretarik ez du merezi Su Ta Gar taldeak. Sasoi onean daude, eta hiru hamarkadaz iraun izanak indartzen du beraien ondarea. Aitor Gorosabelen abilezia naturala autodidakta baten gorena da. Xabi Bastida lagun zaharra du alboan, osagarri. Bi gaztek osatzen dute makina: Galder Arrillaga finduak eta Igor Diez profesionalak. Zorionak eta urte berri on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.