KRITIKA. Opera

Ondareari hautsa kentzen

Arkaitz Mendoza.
2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun

'Enara'

Musikagilea: Jose Maria Usandizaga. Zuzendaria: Jesus Etxeberria. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Azaroak 28.

Hilabete eskas barru Donostia hiria Europako Kultur Hiriburu bilakatuko da, eta kulturgintza horretako adibiderik pozgarriena hiriko musikagilerik handienetako baten opera entzuteko aukera eskaintzea izan da. Ez da Musika Hamabostaldian plazaratu, ezta ahots zerrenda ikusgarri batekin ere, eta, tamalez, ez da eszenifikatu ere egin. Etxeko lehengaiak hartu, eta, Jose Maria Usandizagaren heriotzaren mendeurrena koroatzeko, hiriko musika zutabeak elkartu nahi izan dituzte. Iraganaren esperientzia duen Donostiako Orfeoia atzealdean eta etorkizuneko giltzak dituen Musikene ikastetxea aurrealdean, bien batura konpromisoaren adibide izan da. Halere, nazioarteko ispilu izan nahi duen Kultur Hiriburutza honek musika jaialdi garrantzitsu batean plazaratu beharko luke euskal musikaren ondarerik azpimarragarrienetakoa den opera hau, nahiz eta honako ekitaldi honetan DSS2016 Fundazioa antolatzaile ez izan. Etxeko antzokian etxekoentzat. Txalogarri oso lortutako emaitza, partaide oro poz-pozik amaieran baina kultur erakundeek apustu egin behar dute etxeko ondareak kanpoan oihartzuna izan dezan, opera bere osotasunean aurkeztuatzerritarren ikusmina pizteraino.

Abeslariak laguntzeko lortu behar den malgutasuna ez da gaztetxotan erraz bereganatzen den gaitasun bat izaten, baina Musikeneko ikasleek Usandizagaren Enarak operan eskainitakoa meritu handiko lana izan zen; ziur aski, Jesus Etxeberria maisuaren entsegu onuragarriengatik. Nahiz eta maisu-zuzendariaren musika gidatzea guztiz hermetikoa izan, musikaren nondik norakoetan espresiobideak laztandu gabe, lan txukuna lortu du gazte hauen lorratzetan, operak dakarren bizkortu-gelditu barne abiadurak irakatsiz. Puck, Cecilia eta Lina pertsonaiak ekimen handiz gailendu zituzten Alberto Arrabal, Judit Martinez eta Elisa di Prietok, azken horren egonkortasuna nabarmenduz. Roberto, Juanito eta Caballero rolak sutsu defenditu zituzten Mikel Zabala, Xabier Anduaga eta Gonzalo Manglano operako hirukote nagusiaren laguntzaile bikain izan ziren. Abesbatzak opera honetan dituen agerraldi xumeak maisutasunez gauzatu zituen bere osotasunean agertu zen Donostiako Orfeoiak, edozein musika kilima inozo artelan bihurtuz. Gure ondareari hautsa behar bezala kendu diogu, bai!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.