Alize Mendizabal eta Lucia Gomez
Zikloa: Organoa. Egitaraua: J. S. Bach, A. Vivaldi, L. V. Beethoven, Ch. Gounod eta Ch.-M. Widorren obrak. Lekua: Donostiako San Bizente eliza. Eguna: abuztuaren 7a.
Gipuzkoako elizetan gordetzen den tutuz jositako ondare ordainezinak urtero ahalbidetzen dio Musika Hamabostaldiari bere programazioan organo-musikari eskainitako zikloa antolatzea. Aurtengo edizioaren azken txanpan, bi mende zeharkatzen dituen programa bat aurkeztu zen ostiralean Donostiako San Bizente elizan.
Ia ariketa pertsonala balitz bezala, ziurrenik 1714. eta 1717. urteen artean, beste maisu barrokoen hainbat kontzerturen transkripzioak egin zituen Johann Sebastian Bachek organoarentzat soilik. Beharbada ezagunena da BWV 593 kontzertua, jatorriz Antonio Vivaldik bi biolinentzat eta harientzat konposatua. Alize Mendizabalen jardunean norabidea galtzen ez zuen Allegro dantzaria zabaldu zen lehenik, Adagio-an bi ahotsen arteko jolas garbia garatuz. Orokorrean, neurritsu agertu zen Lucia Gomez mezzosopranoa A. Vivaldiren Andromeda liberata operako Sovvente il sole ariaren interpretazioan, erregistro baxuan gehiegizko zama ezarri gabe eta esaldiak dotoreziaz ebatziz.
Neurria adore bilakatu zuen Ludwig van Beethovenen bi abesti ederretan; horien artean, Ich liebe dich adierazkorra eta ñabarduraz betea agertu zen.
Barrokotik erromantizismorako bide horretan, intentsitatea areagotuz joan zen kontzertuak aurrera egin ahala. Heriotza gertu sentituz, bere bizitzaren amaieran Charles Gounodek musika jarri zien bere hitz propioei. O Divine Redeemer ingelesezko bertsioan, errukia eskatzeko indarra eta bekatuen kontzientziak dakarren damuaren zaurgarritasuna bildu ziren koroan. Kontzertuak, baina, goia jo zuen Alize Mendizabalek Charles-Marie Widorren 6. sinfoniaren Allegro mugimenduari ekin zionean. Senezko erregistrazio lan baten ondoren, San Bizenteko Cavaillé-Coll alearen baliabideak ez ezik, organo jotzailearen handitasuna ere geratu zen agerian motiboaren garapenetan zein pedalierraren joko miresgarrian.
Esku-programa jada aseta, ezinezkoa izan zen saihestea sinfonia osorik entzuteko beharra, ez eta organo jotzaileak ere benetako ondarea direlako uste osoa.