Irakurleek berriz sortzen dituzte irakurtzen dituzten liburuak. Shakespeare aberatsagoa da orain idazten zuenean baino. Cervantes berdin. Cervantes Unamunok aberastu zuen;...», Jorge Luis Borgesen aipu apokrifo batekoa izan litekeen esaldi horren xedea izan du gogoan Iñigo Astizek, Cervantesen heriotzaren 400 urteurrenaren karira, BERRIArako idatzitako kronikak biltzen dituen Kixotenean (Elkar, 2016) liburuan Kixote hobetu nahi izan baitu. Maite Mutuberriaren ilustrazioek, iraganaren eta gaur egunaren arteko zubiak, fikziozkoak zein errealak, eraikitzen dituzte testuan. Edizioa ezin txukunagoa da; testu zein marrazkien kalitateaz harago, irakurketaren plazer hutsa berreskuratzeko lagungarri izan zait, Campo de Criptanako mendilerro lehorrak Bizkaiko kostaldeko hondartza bihurtu baititut, irakurketa gozagarri batean murgildu ahal izateko.
Astizek aipatu du kazetaritzaren eta literaturaren arteko hibrido bat idatzi nahi izan duela, nonbait Cervantesek asmatu zuen ironiaz betetako hibrido entretenigarri hari jarraiki. «Jada ezerk garrantzi handirik ez zuenean, eta ez berak ez beste inork hartaz ezer espero ez zutenean, Cervantesek bere garairako eta kasik gure garairako ere asmaezina eta ezinezkoa den kontakizun bat asmatu zuen», Jordi Gracia idazlearen hitzetan. Nago, oso literarioak diren kazetaritza lanetan sakondu duela iruindarrak. Izan ere, Astizen ezaugarrietako bat dugu aipu literarioak nonahi txertatzea, meta-literatura ahantzi hura lanabes, eta aipuz aipu kronika errealak sortzea. Aipuak kateatzeko joera horrek oso efektu estetikoa lortzen du, batzuetan aipuak lar ekarriak diren arren. John Cheeverren Igerilekua ipuina, esaterako, non igerilekuz igerileku abiatzen den igerilariaren istorioa kontatzen baitzen, nora ez zekiela aurkikuntza bat egin bide zuen, «ordura arte inoiz nabigatu gabeko ibai sekretu bat». Ez dira faltako aipuetan hondar-irudiak: Kixote bere horretan eman nahi izan zuen Pierre Menard gogoangarria, Borgesen eskutik, edota Calvinoren hiri ikusezina.
Halere, kazetaritzak eskatzen duen bat-batekotasuna ere nabarmentzen zaio kroniketan. Ondo ekarritako anekdota hutsetik abiatzen baita, kazetariaren ofizio eta usainaren jabe, kultur kazetariek ere anekdota deigarria usaindu behar baitute. Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausotuak jomuga betiere, eta gaur egungo haluzinazioen eta Kixotek zituenen arteko paralelismoak profitatuz: despopulazioa jasan duen Mantxan pokemon-ak bilatzen dituzten gazteak, Vr-Box errealitate birtualeko betaurrekoekin ari dira kixote modernoak. Zer esan Cervantesen gaurkotasunaz? Iruzkingileak ere ezin dena esan.
Galderak berriro. Zer ekarpen egin liezaioke euskal kazetari eta idazle batek Cervantesen lanari, Iban Zalduak hainbeste kritikatu duen adanismoan erori gabe? Astizek halabeharrez jorratu behar zuen Kixote eta euskal literaturaren zein itzulpengintzaren artean eraiki harremana. Orixeri eskainitako harribitxiek ez dute parekorik. «Kritikuak begirapena zor ei deutso jaubearen idatzi jatorrari; nik ostera begirapena zor deutsot neure buruari eta irakurle euskaldunari». Nago gehiegikerietan erori gabe egin duela Astizek. Beti da salbuespenen bat, kixotekeria iruditu zait ETAk borroka armatua utzi zuen eguna eta Kepa Baraño itzultzaileak Kixoteren itzulpena amaitu zuenekoa elkartzea. Alta bada, lan berritzailea, ondo harildua, eta prosa eredugarri batez sortu du On Kixote Astizek, Borgesen zentzuan.
'Kixotenean'
'On Kixote' berriz sortzea
Egilea: Iñigo Astiz. Ilustratzailea: Maite Mutuberria . Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu