Qissat; alegia, ipuinak: Palestinako emakumeek idatzitako ipuinak dira Erroa etxeak argitaratu duen Qissat osatzen dutenak. Antologiaren apailatzailea Jo Glanville da, PEN ingelesaren zuzendaria, eta itzulpena, berriz, Xabier Monasteriok egin du —Erroak argitaratutako Ali Salem Iselmu sahararraren Beduino bat Karibe aldean ere berak itzuli zuen—. Ipuin bilduma ona eta interesgarria da Qissat.
Euskal edizioak Jo Glanvillen hitzaurrea jasotzen du, eta, gainera, Ane Irazabal kazetariak egin du sarrera, labur eta zehatz, ipuinon testuinguru errealaz oinarrizko argibideak emanez. Besteak beste, nabarmentzen ditu emakume palestinarrek bizi duten okupazio bikoitza —palestinar eta emakume—, familiaren eta ohorearen presioa, iraganaren eta memoriaren presentzia—amonaren figurak gorpuztua—, ahozko tradizioaren indarra eta nortasunaren eraikuntzaren garrantzia.
Askotarikoa da bilduma, eta ezin bestela izan, hamasei egileren ipuinak daudenez gero. Oro har, errealitate soziopolitikoaren eta gizabanakoaren garapen pertsonalaren arteko harremana jartzen dute mahai gainean, bereziki emakumeei erreparatuz. Ezin ditugunez bildumaren ertz guztiak aipatu, elementu zenbait nabarmenduko ditugu.
Ipuin batzuetan lehen planoan dago palestinarren gatazka nazionala, eta gehienetan egoera horrek talka egiten du protagonisten desira eta ilusio pertsonalekin. Nuha Samararen Mahaiak Amin baino gehiago bizi izan ziren eta Donia ElAmal Ismaeelen Datilak eta kafe mikatza izan daitezke bi adibide eder bezain gordin. Bigarren horretan, semea galdu duen amaren doluaren parez pare ikusten dugu zenbaitek heriotza horri atera nahi dion etekin politikoa.
Beste ipuin batzuetan, gizarteari botatako begiratuan, emakumeak bizi duen menpeko egoera azaleratzen zaigu. Besteak beste, aipa daitezke Jean Said Makdisiren Errukia, Selma Dabbaghen Ni, urdanga hau, eta Bustanji, edota, biak bikainak, Huzama Habayeben Hari hautsia eta Samira Azzamen Bere kontakizuna.
Bildumaren beste osagai potente bat amodioa da. Askotan agertzen dira maitasun kontuak, eta gorputzak inportantzia hartzen du hainbat ipuinetan. Natalie Handalen Umm Kulthum gauerdiz ipuinak, adibidez, badu sentsualtasunik, eta Habayeben aipaturiko ipuinak, berriz, sekuentzia erotikoak tartekatzen ditu.
Luzeraz, oro har, ipuin ertainak-edo dira, baina badago motzen bat ere. Raeda Taharen Metro bakar bat azpimarratu behar da: emakumea kamioi batera igo da kontrola pasatzeko eta, behin barruan, bere artean pentsatzen du jaso dutenek ez ote daukaten atentatu suizida bat egitera doazenen itxura...
Esandakoak ez dira ipuinotan aurki daitezkeen hamaika ertz eta ñabarduren lagin txiki(egi) bat baizik. Munduari erreparatzen diogunean, gure begiratua gehiegitan geratzen da azalean eta exotikoa iruditzen zaigunean. Jakin-mina eta ezagutza izaten ditugu orduan sakonerako bidea, eta hor literaturak bere eremua dauka, bere egia: beti konplexua den errealitatearen ertzak erakusten dizkigu, pertsonen kontraesanak, izanak eta ezinak, historiaren kolpeek gizakiei egindako zauriak. Eta literatura, maila kolektiboan, gure izatearen berme ere izan daiteke. Bai, bada konstatazio bat ere, olibondo bakar batek zutik irauten duen artean behintzat...
'Qissat: Palestinako emakumeen ipuinak'
Olibondoen ipuinak
Egilea: Askoren artean. Itzultzailea: Xabier Monasterio. Argitaletxea: Erroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu