Iban Zalduak ipuin bildumak eta ipuin liburuak bereizi izan ditu. Hori horrela, ipuin bildumak ez bezala, ipuin liburuak «batasun edo intentzio orokor bat» izango luke. Eta hein handi batean, hori gertatzen zaio Asier Osinaldek aurkeztu berri duen Baina ez lukete han egon behar ipuin liburuari, hau da, ipuinak autonomikoki beregainak izanik ere, euren artean sare moduko hariak ehuntzen direla, eta, ondorioz, ipuinetik ipuinera oihartzun kateak hedatzen direla. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, molde berdineko ipuinek osatzen dutenik liburua; are, eite eta estilo askotariko hamabi ipuin biltzen dira liburuan. Baina esan bezala, ipuinen atzean bada halako giro bateratzaile moduko bat, beste hainbat elementuk indartzen dutena.
Lehendabiziko ipuina Liverpooleko Irish taberna batean kokatzen da, eta, hastapenetik, ipuin liburuaren zenbait koordenada erakusten ditu. Izan ere, une zehatz horretan han egon behar ez luketen pertsonaia bi agertzen dira ipuinean, elkarren antzik izan gabe argazki batean bat eginda geratuko direnak. Eta amaierako ipuinak lehenengoaren negatibo gisara funtzionatzen du, Ibar alegiazko herrian kokatuta egonagatik, berriro ere Irish taberna batean argazki baten bueltan bat egingo dutelako beste bi protagonistek. Horrenbestez, azken ipuinarekin biribiltasun bat lortu nahi izan du egileak, hasitakoa taxuz ixteko ahalegina nabari da, eta hastapen koordenadak errepikatu egingo dira azken ipuinean. Objektuek ere berebiziko garrantzia baitute ipuin liburu osoan: argazkiek, zilarrezko txanponak, ispiluek, orraziak edota begiek (eta begiradek), besteak beste.
Eta aipatu bi ipuin horien artean, beste hamar. Batzuk atzerrian lekututa, hala nola, Buenos Airesen, Friburgon edota Florentzian, eta espazioari ere nolabaiteko batasuna emateko, aurrez aipatu den fikziozko Ibar herrian beste asko. Ipuin gehienetako pertsonaiek edo, hobeki esan, pertsonaien genealogiek ere bat egiten dute, eta, horrela, kasuren batean baino gehiagotan aitonen ilobak izango dira protagonista. Beste zenbaitetan, bigarren edo hirugarren mailako pertsonaia protagonista bihurtuko da ondorengo ipuin batean. Baina badira bestelako oihartzunak ere, estiloari lotuagoak nahi bada eta ez hain agerikoak, sotilagoak. Eta halere, oihartzunak oihartzun eta batasunak batasun, molde askotariko ipuinak aurkeztu ditu Osinaldek: bigarren pertsonan idatzitako ipuinak, egunkari gisa osaturikoa, gutunek garrantzia berezia bereganatzen duten besteren bat, orainaldian zein lehenaldian kokaturikoak... Eta pertsonaien izaera eta nolakotasunari dagokionez ere antzekoa aipatu behar: bizkartzaina, tabernaria, bikote jubilatua, Erasmus ikaslea, futbolaria, idazlea...
Zenbait ipuinetan amaierako ezustea edota efektismo nahia nagusitzen da, batzuetan agerikoegi agian, eta ipuinaren garapena horretara lerrokatzen da (adibidez, Bederatzi pauso; Beste norbaiten begiak edota Barkatu, maitea, baina... ipuinetan). Aldiz, gainerako ipuinetan esango nuke atmosfera zehatzak sortzeko ahalegina egiten duela Osinaldek. Pertsonaiak konfort eremutik at kokatzen dira ia gehienetan, eta itxuraldatze zein antzaldatze horretan ipuinaren giroa inposatzen da, irakurle honi lorpen handiena iruditu zaiona.
'Baina ez lukete han egon behar'
Oihartzun kateak
Idazlea: Asier Osinalde Vidal. Argitaletxea: Erein.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu