Egilea: Mario Vargas Llosa.
Itzultzailea: Santi Leone.
Argitaletxea: Elkar.
Literaturatik kanpoko arrazoiengatik, ez zaigu Mario Vargas Llosarena irudi maiteenetako bat egiten irakurle euskaltzaleoi. Haren postura neo-liberalak Perun, haren parte hartzea espainiar politikan ere UPyD bezalako alderdi nazionalista batekin, haren sinadurak agiri ezberdinetan katalanaren hedapen soziala mehatxu bat izanen balitz bezala Cervantesen hizkuntzarentzat… ez dakit zerikusirik izanen ote duen horrek, baina, ene datuen arabera, gaurko nobela hau dugu Vargas Llosaren euskaraturiko bakarra.
Dena delakoa haren biografiaren bilakaera, ezin diegu uko egin haren balio literarioei, gaztelaniazko narraziogintzan ez ezik, literatura unibertsalari eginiko ekarpenen aldetik ere. Latinoamerikar boom hartan, paregabea dugu triangelu ekilatero hura, Gabriel Garcia Marquez, Julio Cortazar eta Mario Vargas Llosa bertize bakoitzean. Zein bere ezaugarriekin, baina hirurak aberats-aberatsak, gozagarriak irakurleontzat, hirurak hondo gabeko putzuak sorkuntzan eta tekniketan, non idazle promozio franko edan duten, euskarazko idazleak barne.
Egitura eta eguneroko indarkeria militarrak aurkeztu zizkigun bere lehen eleberri handiak; La ciudad y los perros, alegia. Sexua eta prostituzioa egitura erlijiosoen mundu batean jorratu zituen bertze nobela ahaztezin hartan, La casa verde-n. 1962 eta 1965ekoak hurrenez hurren. Gaurko honetan, oso bertzelakoa, baina mundu militarra, sexu beharrak eta prostituzioa, bai eta sineskeria erlijiosoak, haien inguruko profeta ahoberoak eta milenarismoak ere hartzen ditu berriro, eta nobela sarkastiko, karikaturazko eta umore handiko bat osatzen du. Oihanetako soldadu isolatuen sexu beharrek eragiten dituzten bortxakeria eta bertako biztanleen asaldura ekidite aldera, ideia xelebre bat, arrazionaltasun osoz bideratu beharrekoa, bururatu zaie arduradun militarrei, eta ezin metodikoago den Pantaleonen eskuetan utzi dituzte prostitutek kanpamentuetara egin beharreko bisitaldi kontrolatuak, estatu sekretupeko misio bezala, logistika ezin efizienteagoa helburuari egokitua. Mundu eta trama horren parean, bertze mundu bat, harekin konbergente batzuetan, dibergente bertzeetan: predikatzaile milenarista arrakastatsu batena eta haren jarraitzaileena, euren sineskeriak, mitoak, sakrifizio hilgarriak eta guzti: arrazionaltasunetik guztiz kanpoko mundua, sarri nahasten eta gurutzatzen dena militarren mundu ordenatuarekin. Saltsa ederra, atmosfera esperpentiko batean barna narrazio bidaia aurrera eramateko.
Teknika literarioak balio erantsi handiak ematen dizkio narrazioari. Estilo konbentzionalagoen erosotasuna nahiago dutenak lasaitze aldera, erran dezagun lehenbiziko orrialdeetan elkarrizketen egiturez jabetuz gero, plazer hutsa izanen zaiola edozein irakurleri eleberrian murgiltzea. Elkarrizketak, izan ere, leku edo une ezberdinetan gertatu arren, leku eta une berberean garatuko balira bezala gurutzatzen dira. Baina egilearen distantziamenduak irakurlearen hurbilketa estuagoa eragiten du, hain zuzen ere. Zoragarriak erritmo errepikakor eta diziplinatu ia militarrarekin egiten dituen deskripzio soil-soilak, elkarrizketetan parte hartzaileenak: «eztulka, lotsagorrituz, totelka, edanez, Pantoja kapitainak». Txosten sekretuek, hedabideetako albiste edo erreportajeek, euren horretan, kapitulu batzuk osatuz, distantziamendu/hurbilketa joko berbera biziagotu baizik ez dute egiten, ahots narratzaileen ugaritasuna eta elkarren trukaketa era zuzenean aurkezten digun heinean.
Egilearen moduek eta mimoz eginiko itzulpen landuak gozagarri eta aberasgarri egiten digute nobela.
Literatura. 'PANTALEON ETA BISITARIAK'
Oihaneko misio ilunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu