KRITIKA. Antzerkia

Ogibiderik ederrena

Agus Perez.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun

'El viaje a ninguna parte'

Ekoizpena: Bilboko Arriaga antzokia eta Madrilgo Fernan Gomez antzokia. Egilea: Fernando Fernan Gomez. Zuzendaritza: Ramon Barea. Lekua: Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 14.

Aitortzen dut bizpahiru aldiz ikusi dudala Fernando Fernan Gomezen El viaje a ninguna parte. Filma 1986an estreinatu zen haren zuzendaritza eta gidoiarekin, eta argi dago erronka handia izan dela pelikularekin, eta, are gehiago, Fernan Gomezen interpretazio handi harekin lehiatzea. Nire prebentzioa, ordea, laster urtu da, eta emanaldiaren bi orduak benetako antzerkiaren magian murgilduta eman ditut, erlojuari behin ere begiratu gabe.

Ogibiderik ederrena daukatela esaten die konpainia ibiltari hartako buruzagiak bere kideei, baina egiatan oso bizimodu miserablea daramate, lehen frankismoan lau sosen truke herririk herri beren emanaldi tristeak eskainiz. Badirudi Urrezko Mendean iltzatuta geratuak direla, baina denborak aldatuz doaz, futbolak eta irrati bidezko eleberriek konpetentzia egiten diete, eta zinemaren zabalkundeak azken kolpea emango dio komiko ibiltarien aroari.

Eremu eszenikoaren disposizioak eman dit atentzioa lehenengo eta behin. Dekoratu handi baten atzealdea zirudienak estali du agertokiaren hondoa, horrela iradokiz aktoreak ikusleen aurrean ez daudenekoa ikusiko genuela. Bestalde, atzealde horren gainean noizean behin proiektatu diren irudiek Mantxako herri batean edo bestean zeudela irudikatu eta NO-DO albistegi frankistaren imitazioa ere ekarri digute. Bestetik, ezkerreko aldean zegoen pianoan Adrian Garcia de los Ojosek interpretatu du emanaldia girotu duen musika, tarte batez Patxo Telleriak ordezkatuta.

Argiztapen diseinu leun baina dotorean bilduta, espazioak aise ahalbidetu ditu argumentuak eskatutako leku aldaketak eta denbora jauziak, eta komedianteen antzezlanetako eszenak antzokiko ehundegitik eskegitako dekoratuekin gauzatu dira, garai batean bezala.

Antzezle-taldean Euskal Herriko izen ezagun asko batu dira: hiru rol nagusiak Ramon Barearen (Don Arturo Galvan), Patxo Telleriaren (Carlos Galvan) eta Mikel Losadaren (Carlos semea) esku egon dira, Irene Baurekin batera Juanitaren rolean, baina ekipo trinkoa osatu dute aktore guztiek eta sinesgarritasun handia eman diote narrazioari. Azkenik, aipamen berezia merezi du dramaturgiak, eta horren adibiderik onena izan da Don Arturo zinema-aktorea izan nahi dueneko eszena. Izan ere, oso zaila zen Fernan Gomezek une hartan eman zuena berdintzea, eta hala ere, airoso atera da muntatzea pasarte horretan, beste bide batzuetatik joz eta imitazioa saihestuz. Ikusleek ere gogo handiz txalotu dute eszenaratzea, eta nik uste dut antzezleek beraiek ez zutela hainbesteko berotasunik espero, baina gure esker ona euren lan onaren ordaina baino ez da izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.