'Solid Light'. Ana Roman
Lekua: Marzana Espazioa. Bilbo Noiz arte: urriaren 28ra arte.
Objektuak. Telebistak, pilotak, karabanak, landare eta loreak, bonbillak, iturriak. Urdin, berde, arrosa, gorriak, eta denak, argiztatuak. Beraien artean erlazio esplizitu barik, orotariko objektu koloretsu argiztatuak bata bestearen ondoan daude Marzana Espazioak aurkezten duen Ana Roman (Bilbo, 1962) artistaren Solid Light erakusketan.
Mostrara sartu eta berehala, koadro tradizionalen aurrean dagoela uste du batek, baina segituan, batez ere paretatik behera jausten diren kable eta entxufeak ikusita, bestelako lanak direla konturatzen gara. 2007an Marzanan bertan aurkeztutako Sweet Machine eta aurten Andoaingo Bastero kultur etxean I am a Machine erakutsi ostean, orain arte oihalean eta zenbaitetan goma eta flanelazko pieza tridimentsionaletan moldatutako unibertso pertsonala agertzeko bestelako modua aukeratu du Romanek. Funtsean, ildo estetikoa eta motiboak bertsuak dira, baina azken bi urteetan gauzatutako proiektuan aurrerapauso bat eman du pintore bilbotarrak.
Oraingoan tamaina ezberdinetako hamar argi kaxa erakusten ditu, eta bertan errepresentatzen dira aipatu objektu koloretsuak, barrutik datorren argiaz bizia lortzen dutenak. Batzuek konposizio sinplea agertzen dute, tamaina handiko gauza bakarra irudikatuz. Beste batzuk, ostera, objektu piloa hartzen duten eszenak ditugu, muntatu beharreko mundu berri bateko piezen inbentarioak biltzen dituzten planoak balira bezala. Objektuak eurak ere, sinpleenetik konplexuenera doaz, baina taxuerari dagokionez, denek agertzen dute antzeko modua, izan ere, bitarteko ekonomia oso murritza darabil artistak, oro har, ingerada lodia, hondo neutroak, argi-itzalik eza, simetriarako joera, planismoa, hots, nahiko konposizio eskematikoak agertzen ditu, angelu borobildunak, zenbaitetan komiki kutsua hartzeraino.
Plastikozko azalera eta akabera zehatza dute piezek, eta bakoitzak kutsu bereizgarria dauka; denetariko tramankulu eta landara motibo ezberdinen multzoetatik hasi, neoizko argi urdinak errepresentatzen dituen eta serieari izena ematen dion Solid Light piezako kaxatik pasa, eta kutsu futuristako barrualde batenganaino, denei zientzia-fikziozko egikera minimala darie, sakatu beharreko pantaila birtualetako botoiak balira bezala. Objektu ikonikoak ditugu, sinpatiko eta jostagarriak, polisemikoak batzuk, eta sinpletasunaren —kasik abstraktuak izateraino zenbaitzuetan— kontzepzio positiboa daukate bere baitan.
Kolorea eta argia
Tradizionalki margogintzaren historian kolorearen erabileraren eta argiaren errepresentazioaren arteko erlazioa estua izan da oso. Romanek bere betiko pinturaren izaera oinarrizkoa mantendu du, dimentsioei, forma eta konposizioari dagokionez, baina koloreari bestelako dimentsio eta esangura berri bat gehituz. Izan ere, kolore jakinen nahasketa bidez argia irudikatu beharrean, pinturagintzaren funtsezko bi elementu horiek elkartu egin ditu, aldi berean koloreari argia eta argiari kolorea emanez. Ez du, Dan Flavinek gisa, argiarekin inguruko espazioa aldarazten, baizik argia erabiliz —hain justu tresneria teknologikoari bizia ematen dion indarra— kolorearekin eta formarekin irudikatu duen objektuari berari bestelako izaera bat ematea lortzen du, irudikatutako objektuei bestelako izaera bat emateraino.
Bestetik, badago Romanen lanetan eta bere proiektuaren diskurtsoan —agian ikuspegi ironiko batetik— gizakiok tresneria eta objektu domestikoekiko dugun erlazioaren garrantziarekiko, izan afektiboa, izan materiala, interesa. Homo faber izateaz gain, animalia sinbolikoak baikara, bereziki. Hau ez da berria artegintzaren historian, batez ere surrealismoak erakutsi zuen objektu arruntarekiko interesetik aurrera, eta artista askok hartu dute eguneroko objektua bera beraien artegintzaren zentro gisa —baita fikziozko artistek, Jed Martinen serie bat kasu—.
Zentzu horretan, Romanek ere bere erreferente kontzeptual eta ikonografikoak badauzka, hala nola Buckminster Fullerren Dimaxion etxea, Francis Picabiak 391 aldizkarian publikatzen zituen irudiak, zein John Cageren esperimentu soinudunak.
Baina bere aldetik Romanek garatu duen objektu eta tresneriarekiko imajinario pertsonala, agertzen duen izaeragatik, interpretazio eta gogoeta iturri propioa izan daiteke, esaterako, arte modernoaren baitan sortu zen erreprodukzioari gaineko auziari buruzko bestelako ikuspegi gisa uler daiteke, baina baita, bestetik, orokorrean, jada tradizionalki filosofiaren hastapenetatik ——greziarrengandik, alegia— gaur arte dirauen auzi baten gaineko inspirazio plastiko gisa ere, hau da, objektuen, horien errepresentazioen eta subjektuaren arteko harreman gatazkatsuen gaineko hausnarketa iturri lez, kasu. Funtsean, mostra txiki, atsegin eta erakargarria dugu Ana Romanena.
Kritika. Artea
Objektu argiztatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu