'Sugeak txoriari begiratzen dionean'
Zein gustura hartu dudan liburu honen berrargitalpena, edizio zuzenduan gainera, aspaldiko partez berau irakurtzeko ezusteko gonbidapen bihurtuta.
Zeren nork ez du ezagutzen Obaba unibertsoko piezatxo hau, dagokion garaian eskolan irakurrita sikiera; nori ez dizkiote heriotzari buruzko iruzkinak egin, gutxitan bezala lortu omen delako irudi bakar batean bizia eta herio aurrez aurre jartzea, paragrafo bakar batean; areago, izenburuan bertan?
Har gogoan ere Obabaren munduak deskribatzen duela iraganeko biziera animista oraingo pentsaera arrazionalarekin trukatu zen unea. Bada, Sugeak txoriari... honetan duzu, bi pertsonaia nagusietan haragiztatuta, unea.
Bada beste kontu bat, berebiziko garrantzia duena balizko irakurlearentzat, eta da iniziazio istorio baten kronika dela narrazio hau. Alegia, protagonistak haur izateari uzten dion unea erretratatzen duela, eta, akaso, bitartekarion lana da senti-bide hau eskura jartzea halako trantzean dagoenari.
Azkenik, baliabide interesgarria dugu Pello Varelak liburuan oinarrituta zuzendu zuen film laburra, Aitona Martin eta biok, goraipatua izan dena.