KRITIKA. Antzerkia

Numa Lurrari deika

Agus Perez.
2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

'Linbo planeta'

Ideia eta testuak: Dejabu Panpin Laborategia. Zuzendaritza: Urko Redondo. Lekua: Kultur Leioa aretoa. Eguna: Otsailak 11.

Lurrari deika dabil Numa. Etxea eta auzoa bonbardatuak izan ostean, hondakinetan bilatu eta eskuz egindako irrati transmisore batetik igortzen ditu mezuak aldiro-aldiro. Ez dakigu egiatan beste planeta batean bizi ote den, baina denak esaten digu gurean dabilela. Bestela, non egon zitezkeen hesiek, itsasoek eta basamortuek inguraturiko bihotz onekoak?

Horraino helduok gure buru-segurtasunerako bilatzen ditugun elementuak. Baina neskatoa haurren munduan bizi da, eta ez da askorik kezkatzen bizirauteko behar dituen gauzez, agian hain inportanteak ere ez direlako. Bakardadea, ordea, txarto darama. Lagunak edukitzea, hori bai garrantzitsua! Momentuz, bere babesleku inprobisatuan topatu ditu jostailuzko lagun dibertigarri batzuk, baina hondakinen artean agertu zaion txakur deslaiak bizitza aldatuko dio, eta elkarri emandako bizipozak gidatuko ditu emanaldiaren garapena eta espazioan zeharreko abentura fantastikoa.

Berez, Dejabu Panpin Laborategia espezialista da haur-antzerkian gogora dezagun, esaterako, Azken portua zoragarri hura, eta ni behintzat haien hurrengo sorkuntzaren zain nengoen, miresgarritzat jotzen ditudalako umeen izaera islatzeko duten abilidadea, eta maila artistikoari eusteko duten gaitasuna. Hasteko eta behin, gidoi interesgarri bat behar dugu, haurren esperoekin konektatu baina txotxolokerian geratuko ez dena. Eta gero, haien arreta konkistatu behar duzu, sorpresa txikiak dosifikatuz, tempoa ondo maneiatuz eta pertsonaia erakargarriak eratuz.

Jakina denez, musikak funtsezko rola jokatzen du emozioen kudeaketan Azken portuan bezala, baina haren zuzeneko presentziarik gabe, eta Ander Fernandez arduratu da soinu-bandaren edertasun lasaiaz. Bitartean, Dejabukoak dena emanda ibili dira bazter utzitako objektuei nortasun samurra eta berezko sentimenduak ematen, eta hiri suntsituaren zein munduko historiaren dioramek marka guztiak gainditu dituzte, helduon eta umeen gozamenerako. Era berean, goraipatzekoa da bideo-teknologia eta artisautza gorenaren arteko elkarketa eredugarria, eta sail beretik hurbil kokatuko dugu

Baina esandako guztia ez zen posible izango bi antzezleen jardunik gabe: Miren Alkalak efikazia handiz eutsi dio haur sendoaren pertsonaiari, ahoskera eta intonazio perfektuak erabiliz, eta Alvaro Garaialdek grinaz beteriko txakur alaia egin du, haren psikologia berezian bikain murgilduta. Azkenik, txalo berezia merezi du Leire Salaberriaren ilustrazio politak, Numaren eta Linbo txakurraren arteko laguntasun itxaropentsua ezin hobeto jasotzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.