Kritika. LIteratura

Norbere lurrean arrotz

Ahmadou Kourouma / 'Independentzien eguzkiak'
Irati Majuelo.
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

'Independentzien eguzkiak'

Egilea: Ahmadou Kourouma. Itzultzailea: Aiora Jaka.

Argitaletxea: Erein-Igela.

1960ko hamarkadaren amaieran argitaratu zuen Independentzien eguzkiak eleberria Ahmadou Kourouma malinkeak. Zalaparta ugari sortu zuen lan honek sorreran, izan ere, Afrikako zenbait herrialdetan lortutako independentzia berriak auzitan jartzen baitzituen, europarren kolonizazio luzeak haren ondorenean ere utzitako arrasto sakona argitara ekarriz. Orain, gurean irakur dezakegu Literatura Unibertsala bildumaren bidez. Aiora Jakak izan du euskaratzeko ardura, eta ez txikia, hizkuntzaren auziak bai baitu zeresanik nobela honetan.

Kolonizaturiko inguruetan bizi izan diren idazleen kasuetan, ohikoa da kolonizatzaileak ezarritako hizkuntzan sortzea, haren bidez eskolatu diren heinean. Hala da honako honetan ere, alabaina, idazleak etxeko ez duen hizkuntza hori arrozteko saiakera egiten du. Hau da, malinkeraz pentsatutako testua frantsesez idatzita dago, Kouroumak argitu modura. «Nire pentsamendua adierazteko zurrunegia zitzaidan hizkuntza klasiko bat itxuraldatuz». Kolonizatzailearen hizkuntza bihurritu, apurtu, desnaturalizatzen du, beraz, ahozko tradizio afrikarrera hurbiltzeko. Itzulpenak bigarren filtro batetik iragaten du malinkerazko sintaxia, erritmoa eta mundua izendatzeko manera. Ageriko zailtasunak aipatzen ditu itzultzaileak hitzaurrean, eta egon badaude. Hala ere, Jakak asmatzen duelakoan nago.

Norbere lurrean arrotz sentitzearen paradoxa azaltzen du muinean Kouroumaren lehen eleberriak. Fama du protagonista nagusia, Horoduguko printzea, Doumbouya tribu boteretsuko azken buruzagia. Independentzien eguzkiekin, kolonizazio osteko garaia hastearekin bat, ordea, gain behera etorritako dinastia ordezkatzen du Famak. Hirian bizi da Salimata emaztearekin, miseriatik gertu. Antzutasuna pairatzen du bikoteak, eta ondorengorik sortu ezinak frustraziora eta obsesiora kondenatzen ditu, Famaren gainbehera leinua. Finean, Fama postkolonizazioaren testuinguru berri eta konplexuan bere lekua aurkitu ezinik bizi den gizona da, eta jendeak oraindik ere begirunea dion arren, hein handi batean galdu den mundu baten parte dela geratzen da agerian.

Independentziak ekarri behar zituen garapen promesak ez dira bete, antzinako tradizioak ez dira jada lehen zirena; zer da afrikarrei geratzen zaiena? Iraganeko kolonizazioaren minak ahaztu gabe zein independentziek sortutako itxaropena erromantizatu gabe idatzitako istorioa da hau. Kouroumak ironia handiz kontatzen ditu bere herrialdean eraldaketa politikoek eragindako kultura eta pentsamolde talkak, herritar askoren nahasmen sentsazioa. Alabaina, bizipen mingarri eta traumatikoak azaltzen badira ere, komikotasunak gailen egiten du malinkearraren idazkeran, bere herriak bizitako krisi sozial, kultural eta politikoa parodiara eramanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.