'Barrura begiratzeko leihoak'
Zuzendariak: Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti, Txaber Larreategi, Enara Goikoetxea eta Josu Martinez. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 90 minutu.
Ikuslearen begirada garbiarekin topo egitea da zinemagile guztien nahia. Kutsatu gabeko hori, alegia. Jakinik, ordea, dagoeneko hori guztiz ezinezkoa dela. Faktore politiko-sozialek, emozionalek, zein zinemaren historiak berak, beste askoren artean, zikindu dute pantailaren zuritasunetik ateratzen denarekiko pertzepzioa.
Barrura begiratzeko leihoak dokumentala aurreiritzirik gabe ikustea litzateke idealena, bereziki Euskal Herrian. Asmo antzua da hori, baina. Desiragarria bai, gauzagarria ez. Ez orain, ezta ziurrenik etorkizunean ere. Hortaz, norberak bere leihotik begiratzea ezinbesteko abiapuntua da.
Horiek horrela, ikusi ez dutenen eta ikusi nahi ez dutenen polemika interesatuak alde batera utzita, oso interesgarria litzateke dokumentalera ahalik eta modu naturalenean hurbiltzea. Horrela, akaso, bost istorioon filmaketak dituen bertuteetara hurbiltzea errazago luke ikusleak. Filmaren asmoa ez da inor konbentzitzea, ezta euskal gatazkaren gaineko ikuspegi osoa ematea ere. Areago, ez du euskal presoen egoeraren azterketa planteatu nahi.
Alde bakarreko begirada da, bai, tematikoki errealitate generiko batera hurbildu nahi duelako. Horren barruan, kaleidoskopikoa gertatuko da begirada; preso izaeraz haratago zuzendari bakoitzak norabide diferentetan zabalduko du bere bilaketa.
Espetxeetako hormen gisara, bost zuzendarien lanek horma erraldoia zuten aurrean lanari ekiterakoan: istorioetako protagonistak agerrarazteko zailtasun edo ezintasuna —Txaber Larreategiren espetxe osteko kontakizuna da salbuespena—. Nola filmatu bizipen bat, pertsonaiarik gabe? Modu diferentetan erantzun diote erronkari, dela eskutitzen bitartez, dela espetxeratu aurretik bildutako testigantzen bitartez.
Langa hori gainditzeko ahaleginean, bereziki bi dira nabarmenduko diren baliabideak. Batetik, Mireia Gabilondoren atalean telefono deien bitartez barnean dagoen presoarekiko hurbilpen hunkigarria. Kasu horretan, protagonista ez da soilik presoa bera, egunez egun, urtez urte telefono dei horiek guztiak grabatu zituen amaren itzala.
Bestetik, filmak duen atalik biribilenean Eneko Olasagastik Mikel Albisuren ziega barneko bideo irudi batzuk eskainiko ditu, kanpoaldearen eta barnealdearen arteko muga gainditzeko maitasunezko oihuak.
Bost istorio eta bost zinemagile. Kontagai eta kontaera diferenteak. Hala ere, pelikulak batasun formal eta kohesio handia lortu du. Gehienbat bost zuzendariek gaiari hurbiltzeko izan duten moduagatik, kamera pertsonen bila, barnealdea arakatzeko asmoz. Horren ondorioz, erretratu intimo eta hurbilak lortu dituzte.
Irati Tobar gaztearen istorioarekin hasiko da filma. Bere laburrean haren istorioa ukabilkada moduko bat da. Eta Mikel Albisurenarekin amaitu. Bi belaunaldi, bi gaztetasun, espetxeari lotutako patua. Izan ere, beste gauza askoren gainetik, Barrura begiratzeko leihoak herri honen historia hurbilaren zati baten bilduma beharrezkoa da, sufrimendu eta oinazearen lagin zintzoa, orainaldia eta etorkizuna ulertzen laguntzen ahal duen ahalegina.
Kritika. Zinema
Norberak bere leihotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu