KRITIKA. Zinema

«Nora» ezean egindako bidaia

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Nora'



Zuzendaria: Lara Izagirre. Herrialdea: Euskal Herria.Iraupena: 100 minutu.

Bidaia batek helmuga asko izan ditzake, eta are arrazoi gehiago ere. Norak, aldiz, ez daki bere bidaiak nora eramango duen. Une oso kritikoan dago; ez du desiratutako lana lortu, berarekin bizi zen aitona hil berri da eta ez daki zer egin bere bizitzarekin. Bere erabakia argia da; aitonaren furgoneta hartu, eta bideari helduko dio. Ez daki zer aurkituko duen, ez da gidari iaioa ere, baina berdin zaio, bidaiari ekingo dio.

Izagirreren bigarren film luzeak Zinemira atala estreinatu du, eta oso hasiera ona izan da euskal zinema erakusten duen sailarentzat. Zuzendari bizkaitarrak film atsegin eta hunkigarri bat ekarri digu. Noraren bidaia barne bidaia berezi bat da. Haren iraganean oinarritzen da: ezagututako tokiak berriro bisitatu nahi ditu, beste ikuspuntu batetik.

Hizkuntzaren erabilera aparta da filmaren oinarrietako bat. Bere aitona argentinarrekin gazteleraz hitz egiten du Norak, eta baita bere aitarekin ere. Baina bere lagun eta amarekin euskara erabiltzen du, eta Iparraldera doanean, eta euskara eta frantsesa nahasten ditu. Horrez gain, ingelesa ere hitz egiten du Norak. Oso naturala egiten da hizkuntzaren erabilera hori, eta eskertzekoa da zuzendariak aukera hori egin izana.

Argazki lan oso ona dago film honen atzean. Gaizka Bourgeaudek paraje apartak aukeratu ditu, eta bidaia honen edertasuna nabarmentzen da bere lanaren bitartez. Musika ere oso ondo aukeratua dago: Paula Olaz eta Pascal Gaignek sortutako musika Izaro Andresen ahotan entzun dugu filmean gertatzen den kontzertu batean.

Doluaren mina sendatzeko modu anitz daude, eta modu berezi eta polit bat aukeratu du Izagirrek bere lanean. Horretarako, aktore ezagun askoren laguntza eduki du zuzendariak eta road movie koral bikain bat sortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.