KRITIKA. Artea

Nor zara, Yoko?

Mikel Onandia Garate.
2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Yoko Ono

Erakusketa: Half-a-wind show. Lekua: Guggenheim museoa, Bilbo. Noiz arte: irailaren 4ra arte.

Nor zara, Yoko? Zu zara? Arte kontzeptualaren baitako artista erreferente eta erakargarria ala John Lennonen alargun ospetsua? Gizonezkoa bazina, auzitan jarriko al genuke zure artista izaera? Halako galderak erantzuteko asmoz hurbildu naiz Guggenheim museoak antolatu Yoko Onoren (Tokio, Japonia, 1933) atzera begirako handi eta publizitatura, auzi ezberdinak argitu eta bestelakoak —ez nolanahikoak— mahai gainean jartzen dituen erakusketa batekin aurkitzeko.

Yoko Onok AEBetan hartu zuen bizitokia, bere familiarekin haurtzaroa Japonian eman ostean; ikasketak burututa, 50eko hamarkadan New Yorkeko abangoardiaren barruan Fluxus mugimenduarekin harreman zuzena izan eta artista independente gisa ezaguna izaten hasi zen. Arte kontzeptualaren eta performancearen aitzindaritzat hartua, nazioartean ospe nabarmena lortzen hasi ziren ekintzak eta ideiak oinarrian zituzten proposamen artistikoak, diziplina eta esparru ezberdinetan gauzatzen zirenak, beti izaera esperimentalarekin: musika, zinema, poesia, performancea edo mezu bakezaleko orotariko akzioak. 1969an John Lennonekin ezkondu zen —mundu osoko fama ekarri zion—, eta geratu barik lanean ibili den alderdi anitzeko artista dugu Yoko Ono.

Guggenheimeko erakusketa konpletoa da, handia; esparru tematiko ezberdinetan banatutako 200 pieza baino gehiago dira. Ideiek —hizkuntza, filosofia, eguneroko bizitzako oinarrizko kontzeptuak— mugitzen dituzte Yoko Onoren akzio eta objektuak, sekula izaera kritikoa eta sentsibilitate soziala galdu gabe. Batzuk poetikoak ditugu; umoristikoak dira zenbait, eta absurdoaren mugetan mugitzen diren proposamen inozo eta sinplistak, neketsuak ere, asko. Halaber, egokia da oso Yoko Onoren interbentzio eta lan musikal oparo eta aberatsei eskaini aretoa, baita museoak publikatu katalogoa ere, nahiz eta lotsa gutxirekin —ohikoa denez— euskaraz ez duten publikatu.

Pieza askotan funtsezkoak artistaren arauak dira —horren adibide Grapefruit (1960) liburua—, izan ere, ikusleak jarrera aktiboa hartu behar du, obra bukatu eta borobiltzeraino. Bisitariaren parte-hartzea present dago erakusketa osoan, eta eskertzekoa zaio artistari, baina batzuetan umetzat hartzen gaituela senti dezakegu, Yoko Ono kontzeptualki naif agertzen baitzaigu sarri. Bestalde, halako erakusketek bisitaria —baita espezialista handiena ere— lekuz kanpo uzten dute, eta ez da hori ariketa txarra; alderantziz, aurreiritzi sendoenak ere ezbaian jartzen baititugu.

Artea kontzeptu gabe artea ez dela deritzot; baina arte kontzeptual hutsa aspergarria, motela, grisa begitantzen zait, eta Yoko Onoren lan asko halakoak dira. Bere garaian izaniko unean uneko akzioak argazkien eta bideoen bidez errekreatzea ez dago gaizki interes historiografikoagatik, baina sistemak berak merkatuaren eta arte ofizialaren kontra egin zutenen ekintzak fagozitatu, musealizatu eta merkaturatzean, jatorrizkoaren freskotasuna galdua dute. Erakusketaren izaera historizista piezen beraien balioa baino baliotsuagoa da, zentzu horretan.

Badira estetikoki iradokitzaileak agertzen diren lan eta instalazioak, baina agian nazioarteko makro-gertarakari espositibo honen aspektu erakargarriena Yoko Onok museora egin bisita artistiko-komertziala izan zen. Komunikabideetan agertu Guggenheimen Fundazioaren krensifikazioaren —museo bilbotarra erreferente— bedeinkapenaz gain, Yoko Ono performanceak —batez ere 1965eko Sky Piece to Jesus Christ bikaina— zuzenean egiten ikusteko aukera izan genuenona izan zen fenomeno interesekoena. Audientzia isil eta eklektikoaren aurrean —fan, kurioso eta multinazionalen exekutiboak tarteko— aura sakratua helarazi zuen. Ni neu ere haren mugimendu eta indarrak liluratuta utzi nindutela onartu behar, une historikoa bizi izandakoaren pozarekin. Alta, segituan suertatzen dira zalantzak bertan bizi izaniko gertaera surrealisten inguruan —jatorrizko surrealisten baimenaz, haiek onartuko ez zutena, noski.

Nik ezagutu dut —ahal den neurrian— nire Yoko Ono: erbestetik helduta AEBetan arte garaikidearen munduan bide berriak zabaltzen ari ziren mugimenduetan bere lekua aurkitu eta ekarpen garrantzitsuak gauzatu zituen artista; bere senarraren heriotzaren ospeak gaindituta ikono popular masiboa bihurtu zen mitoa; indar eta dinamismo ikaragarriko emakume txundigarria, jarrera bital inbidiagarrikoa; eta oro har, pertsonaia bera bere obra baino interesgarriagoa suertatzen den kasu bakan horietakoa. Edonola ere, oraindino ezagutu gabeko aurpegi asko dituen artista baten eta artearen munduan irakurketa maila ezberdinak ahalbidetzen dituen fenomeno konplexu baten aurrean gaudela iruditzen zait, beste guztiaz gain, artista handi baten aurrean ez gaudela ere susmatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.