'Barbaro iraun'

Nor da munstroa?

Egilea: Louisa Yousfi. Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun. Argitaletxea: Txalaparta.

Irati Majuelo.
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Barbaro iraun. Barbarotasuna gorde eta harekin iraun. Aurretik, kanpotik ezarria den barbarotasunari eutsi, eta harekin bizi eta iraun. Barbarotasuna onartu, beretartu, galdekatu egiten du Yousfik, ekidinezinari aurrez aurre begiratu eta galdera jartzen du mahai gainean: zer izan gaitezke deserrotuok, bazterreratuok, kolonizazioaren seme-alabok, ez bada barbaro?

Lehen liburu zuzen eta ausarta argitaratu zuen 2022an, herdoilik gabeko mihiaz eta argitasunez idatzia, probokatzailea, auzi korapilatsuei beldurrik gabe heltzen diena. Euskarara itzuli berri du Itziar Diez de Ultzurrunek Txalaparta argitaletxean, jatorrizko testuari Ainhoa Nadia Douhaibiren gibel-solasa erantsita. Beharrezko testua Douhaibirena, barbarotasunaren perspektiba euskalduntasunarekin lotu, eta egon litezkeen intersekzioak eta sarri ikusi nahi ez diren angelu itsuak bistaratzeko zenbait gako ematen dituena. Pena gibel-solasen neurri laburrera mugatu behar izana, interesgarria bailitzateke Yousfiren ekarpena Douhaibiren jakintzatik Euskal Herrian kokatzeko ariketa sakonago egitea, baita argitaletxe berean iaz ateratako Barbaroak eta zibilizatuak (Atutxa, 2022) liburuarekin izan ditzakeen hartu-emanak aztertzea ere.

Kolonietako migranteen ondorengoen ahotsetik mintzo da Yousfi, ez bateko ez besteko ez izatearen egonezinetik, aukeratu gabeko deserrotzetik. Irmo mintzo ere, estatu menperatzaileek eraikitako egitura arrazistak eta mekanismo (auto-)suntsitzaileak jartzen baititu agerian. Baita ezkerreko pentsamendu antiarrazista onbera kritikatzen ere. Idazleak koplarik gabe ematen dio buelta barbaroaren iruditeriari, ekidinezinezko munstroen ideiari: arazoa ez dira jatorria, kultura, eutsi beharreko oreka familiar, identitario eta materialak; arazoa arrazismoa da, harreman kolonialak. «Gure munstroak ez dira sortzen zuen gabezia dugulako, zuetatik gehiegi daukagulako baizik: Frantzia gehiegi, Inperio gehiegi».

Horretarako, adibide konkretuak baliatzen ditu, izan Kateb Yacinen hausnarketak, Chester Himesen pertsonaia odoltsuak, izan Mehdi Meklat barbaro bezatuaren desengainua edota Booba raperoaren kantuak. Ildo horretan, manifestutzat ere har daitekeen Yousfiren testuak marko zehatza dauka: Frantzia eta haren iragan kolonialaren ondorioak. Ez ditu horratik gu salbuesten gaituzten gatazkak azaleratzen, Europarenak ere badiren heinean. Alabaina, berea den errealitatetik idazten du, eta, ondorioz, testuingurua bera, darabiltzan erreferentziak edota pentsamendu tradizioak ere bizi duen jatorri erdibitu/bikoiztuari dagozkio.

Mendebaldearen errugabetasuna aise haizatzen den egunotan, ziztadak dira Yousfiren hitzak: «Errugabetasuna asmatu zuten. Herri osoak sarraskitu dituzte, eta, bidenabar, Walt Disney eraiki». Gezi bat zuzen-zuzenean. Botere-harremanen jokoa argitara ekartzean, ordea, errukirik ez du eskatzen barbaroarentzat: utzi barbaro izaten, ez iezaiozu kendu errua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.