'Paisaiak, enigmaeta malenkoniak'
Artista: Alejandro Garmendia.Non: Donostiako Kubo Kutxa aretoa. Noiz: Maiatzaren 27ra arte.Urte bat eskas igaro da aurreko urteko otsailean Alejandro Garmendia artista gipuzkoarra zendu zenetik (Donostia, 1960-Donostia, 2017). Fernando Golvano erakusketako komisarioak komentatu duen bezala, momentu horretan bertan hasi zen artistaren sorterrian antolatu den atzera begirako hau gauzatzen. Donostian jaio arren, atzerrian egin zuen bere ibilbide osoa, eta, hori dela eta, gure inguruan oraindik, ikuslearen gehiengo batentzat behintzat, ezezaguna da artista polifazetiko honen lana,eta aukerakoa bezain aproposa da horregatik erakusketa haren ibilbidea eta sormen prozesuetara hurbiltzeko.
Alejandro Garmendia sailkatzeko zail den artista horietako bat da, erakusketako sail ezberdinetan zehar zabaltzen diren ehun lan ingururen bitartez argi gelditzen den bezalaxe. Marrazkia, pintura, komikia, musika, eskultura, bideoa eta arte ekintzak biltzen ditu erakusketak, eta, ibilbide kronologikoak alde batera utzita, artistaren sormen prozesu askotarikoetatik ibilbide bat planteatzen du. Izenburuak dioen bezala, paisaiak, enigmak eta malenkonia bildu eta nahasten dituen erakusketa baten aurrean gaude, baina ez agian hitz hauek literalki adierazi dezaketen ideia horrekin, artistaren ikuspegiaren iragazkitik baizik. Paisaiek eta espazioek, irakurketa fisiko bat baino gehiago, buruz egindako irakurketa bat behar dute, erakusketak artistak berak planteatzen dituen enigmak argitzera gonbidatzen baikaitu —artista bera izanik enigma horietako bat—. Ikuspuntuaren arabera, ironia edo satira puntu bat adieraz dezakete artelanetariko batzuek, nahiz eta adierazten guztiz erraza ez den errespetuz beteriko irudiarekiko begirada malenkoniatsu bat izan guztiaren gainetik gailentzen dena.
«Asmamena imajinazioaren botere bat da, eta honek existitzen ez diren gauzak sortu eta sortutakoen inguruko begirada berriak eraikitzen laguntzen du». Hitz horiek darabiltza erakusketako komisarioak Garmendiaren lana azaltzeko. Ezkutatze eta azaltze joko horretan, irudimenaren inguruan eraikitzen den prozesu eta lan bat azaleratzen dute artista donostiarraren lanek, eta kontrajarritako hainbat kontzepturen arteko jokoan doaz sormen prozesuak garatzen: erreala-alegiazkoa, ustekabekoa-planeatutakoa, lasaia-kaotikoa, egunerokoa-ezezaguna eta beste hainbat kontzepturen arteko jokoan, besteak beste. Hartu-eman horiek eraikitzen dute erakusketa, eta asmo esperimental bati erantzuten dion hainbat prozesuren erabilera du oinarri.
Erakusketako ibilbidea da artistaren ezaugarri horren adibide garbi bat. Lehen aretotik bertatik ikusten da nola nahasten diren marrazkiaren bidez komikiarekiko eta grafitiarekiko artistak garatutako interesa bere ibilbide guztian musikarekin izan zuen harreman estuarekin, eta horren adibide dira Mauro Entrialgo eta Juanjo Pedregosarekin sortutako taldeak nahiz kolaborazioak ere. Esperimentazioarekin jarraituz, bigarren aretoak formatu handiko nahiz txikiko collage eta olioak aurkezten dizkigu, eta benetan aipagarriak dira espazioen inguruan sorturiko formatu txikiko collageak. Ibilbidean aurrera, eta pintura utzi gabe, mende honetako lehen hamarkadaren erdialdean sortutako alegiazko paisaiak, artistak 1990eko hamarkadan asmatutako Coctailtecnic lan prozesuarekin garatutako lanekin nahasten dira, New Yorken egindako egonaldian garatutako bideo sorkuntzekin batera.
Saltoka, beraz, berriro ere 1980ko hamarkadan sortutako paisaietara itzultzen gara, eta egindako bidaiekin lotura gordetzen duten formatu txikiko lan hauek 1990eko hamarkadan sortutako kutxa-eskultura eta instalazioekin nahasten dira. Eta eskultura guztiz utzi gabe, artistaren asmamenerako gaitasuna irudikatzen duen soinu eskultura-altzaria aurkezten zaigu: 2003an sortutako tresna. Tramankulu benetan interesgarria da, nolabait, artistaren irudimenerako ahalmen hori erakusten baitu, eta surrealismo ukitu bat ere eduki dezakeelako. Surrealismorako edo dadaismorako zaletasun hori lotuta dago collagearen erabilerarekin ere, zeina Garmendiak sortu zituen alderantzizko espazio zatituetan nabari daitekeen. Formatu handiko Moebiusen zinta lanarekin eta hartan oinarritutako fotomuntatze digitalekin ixten da erakusketa, eta, kasu honetan ere, ikusten da artistak hainbat prozesurekin esperimentatzeko zuen gaitasuna.
Garmendiaren bizitzan zein lanean gertatzen den «nomadismo» horrek lotura zuzena du arte eta gizarte garaikidearekin. Etenik gabea izan da «nomadismorako» joera arte garaikidean, eta eremu berean daude irudi eta espazioak ere gure kultura bisualaren barruan, linealak ez diren prozesuetan. Arteak, gaur egun, esparru ezberdinetarako ibilbide hau proposatzen du, artelanaren objektibotasuna alde batera utzita, eta azalpen kontzeptualetan murgilduz. Esparru honetan, artista donostiarraren lanak berezko ibilbide bati jarraitzen dio, benetan originala eta zintzoa den praktika bat garatuz, inguruak ezarri ditzakeen ezarpenetatik kanpo.