KRITIKA. Artea

Noiz arte?

Garazi Ansaren erakusketa, BAT espazioan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun

'Hemen dira hutsunean igeri egindakoak. Tururu'

Non: Bilboko Azkuna Zentroan. Noiz arte: Azaroaren 16ra arte.

Hilabete bat pasatu da Azkuna Zentroko BAT espazioan komisario berrien bigarren deialdiaren fruitu diren hiru proiektuak ikusgai jarri zirenetik. Komisarioaren rola sustatzearekin batera, azken hamarkadetan Euskal Herrian garatutako praktika artistikoen inguruko ikerketa bultzatzea du helburu deialdiak. Ikusgai dauden proiektuen artean, Hemen dira hutsunean igeri egindakoak. Tururu erakusketa dago, Garazi Ansak garatua. Izenburuak Amaia Lasaren olerki bat du jatorrian, askatasuna adierazten duena eta «hutsunean igeri dabilen emakume bat naiz» dioena.

Zeintzuk dira hutsunean igeri egindako emakume horiek? Zer da hutsune hori? Diktadura frankistaren amaierarekin bat, 70eko eta 80ko hamarkadetan jaio zen euskal mugimendu feministaren barruan garatutako jarduera artistikoek jasandako hutsune historiografikoari egin liezaioke erreferentzia. Erakusketak testuinguru horretan garatutako piezak biltzen ditu, eta, hierarkia artistikoa guztiz urratuz, tradizionalki objektu artistiko bezala ulertu ditugunek kartel eta artxiboko materialekin egiten dute bat. Historiografia ofizialak artista bezala onartu dituen emakumeen lanak militantzia feministaren barruan garatu dituzten emakume anonimoen produkzioekin lotzen dira zuzenean. Artibismo hitzak argi adierazten duen moduan, aktibismoaren eta artearen arteko zubia eraikiz.

Erakusketa aretoan barneratu aurretik, sarrerako atearen aurreko paretan, urruntasunean, atentzioa eman didan zerbait antzeman dut: gelaren horma zuria blaitzen duen neonezko tutu arrosa. Horrek, gizarte patriarkal batean uztartutako atmosfera femeninoari dei eginez, arropa zabaltzeko soka balitz bezala, oihal bat du zintzilik. Oihalean zerbait dago brodaturik; alabaina, brodatutakoa irakurtzea eragozten dit distantziak. Beraz, espazioan barneratzen naiz, oihala eta horren inguruan dauden objektuak dastatzera.

Gunea irekia da, eta instalazioarekiko perspektiba zabala eskuratzeko aukera ematen du. Halaber, espazioaren inguruko mugimendua baldintzatzen duten bi mahaiekin egiten dut topo. Lehenengoan, argazkiak azaltzen zaizkit. Zuri-beltzean egindako argazkiak; kolorezko argazkiak; sekuentzia baten arabera ordenatuak batzuk, eta beste batzuk izkina batean pilatuak. Argazkietan 70eko eta 80ko hamarkadetan garatutako eskulturak, instalazioak, akzioak, pinturak eta abar biltzen dira; tradizionalki artelan bezala onartuak izan direnak, alegia.

Mahaiaren ondoko paretara begiratu, eta nire aurpegia islatzen duen ispilu baten presentzia sumatu dut; ispiluan, Yo hitza dago idatzirik, norbanakoaren identitateari dei eginez. Zuzenean behera so egin, eta erakusketako partaideen izenak agertzen dira, kartel bakarrean. Poster, aldizkari eta pinturen egileen izenak; alfabetikoki ordenatuak. Zergatik kartel bakarrean? Arteen hierarkizazioa desegitearekiko keinu argia, berriz ere. Garazi Ansa komisarioaren hitzetan, garai hartako ekoizpena osotasunean ulertzeko, ezinbestekoa da testuinguru horretan garatutako adierazpen artistiko guztiei erreparatzea. Nahiz eta egileek beren burua modu ezberdinean definitu: artista, emakume artista, artista feminista, militante, artista eta feminista, artibista...

Hurrengo mahaian, 70eko eta 80ko hamarkadetako militantzia feministarekin lotutako zenbait dokumentu aurkezten dira: Leihoak aldizkariaren aleak, abortuaren inguruko informazioa ematen duten eskuorriak, espazio publikoan egindako mural erreibindikatzaileen argazkiak... Estetikoki zein kontzeptualki erakargarriak. Eta erakargarriak bezain interesgarriak. Garaiko emakumeen egoera ulertzeko ezinbestekoak, lengoaia ezberdin horien bitartez, emakume bezala mugatzen zituzten egitura sozialei aurre egiteko bide bat eraiki baitzuten.

Alboko paretan, museo tradizional batean esekitako pinturak balira bezala, testuinguru horretan sortutako kartelak daude. Argi eta garbi, lengoaia artistiko bezala, orain arte esleitu ez zaien lekutasuna eskuratuz. Testuinguru hartan munduratutako emakumeen topaketen kartelak, martxoaren 8arekin lotutakoak, abortuaren aldekoak eta abar, emakumeen ahalduntzea bultzatzen duten esaldiz hornituak gehienak. Ahalduntzea, hori da kartel horiek guztiak bateratzearen oihartzunak helarazten didan sentipena.

Ia ohartu gabe, erakusketa aretora sartzerakoan bistaratutako neonezko piezaren albora ailegatu naiz. Oraingoan bai, oihalean brodatutako esaldia irakurtzeko gai naiz: Hasta cuando, Penelope, abusaras de tu paciencia, jartzen du bertan, letra larriz idatzita. Zuzenean, hau da nire buruari planteatzen diodana: noiz arte jarraituko dugu historiografia ofizial eta patriarkalak balioetsitako parametroetara mugatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.