Nelly Arcan idazle quebectarraren lehenengo liburua 2001ean argitaratu zuten estreinakoz, Putain izenburupean, eta 21 urte geroago datorkigu bere euskarazko itzulpena, Puta, Alberdaniak argitaratu eta Miel A. Elustondok itzulitakoa, hain zuzen. Puta baten bizitza, harremanak eta bizipenak kontatzen dituen autofikziozko eleberritzat definitu dute askok, baina esango nuke hori baino askoz gehiago dela. Irakurleak puta baten bizitza ezagutzeaz gain, idazleak horren trebeki darabilen ironiarekin, baina, batez ere etengabe egiten dituen galderen bitartez, gizarteaz hausnartzeko espazio bat aurkituko du Nelly Arcanen hitzetan, bere hitzak aiztoak baitira, errealitatea mozten eta bere barren ilunenak ateratzen dituzten aiztoak.
Eta edukiak ez ezik, formak ere irakurketa zorrotz bat proposatzen du. Lehen pertsonako narratzailearen diskurtsoak zeharkatzen du obra, ez baita elkarrizketarik agertzen, ezta ere beste pertsonaien ahotsik, zeharka bada ere. Ahots bat eta bakarra dago, zeinak barne-bakarrizketa bat antzeratzen duen, bere gogoarekin egindako elkarrizketa jarraitu eta intimo bat. Horretarako, kontzientzia-jario deituriko teknika darabil autoreak (tradizio anglosaxoian stream of consciousness deritzotena): hausnarketak eta irudiak burura etorri ahala testuratzen ditu, ordena logikoaren arabera hurrenkeratu beharrean; inkontzientea da nagusi eta berak markatzen duen erritmoa. Izan ere, bata bestearen atzetik datozen ideia-uholde horiekin batera, irakurleak ia etenik ez duten perpausekin egingo du topo, hain non protagonistaren barne-munduan sartuta dagoen irudipena izango duen.
Argi dago, hortaz, irakurleak ez duela irakurketa lasai eta eroso bat deskubrituko, beste irakurtzeko modu bat baizik, oro har ohituta ez gauden tempo batean irakurtzekoa eta ohituta ez gauden perspektiba batetik pentsatzekoa: irakurketa exijente bat, irakurle exijenteentzat.
Liburua argitaratu zenetik milaka ale saldu dira nazioartean. Milaka begik irakurri dituzte idazlearen hitzak, ehunka lagunek hitz egin dute obraz, baina, gutxik erreparatu diote, artefaktu bezala, nobelak duen balio literarioari. Morboak bultzatu ditu irakurle gehienak; liburuan puta baten bizipenak, bezeroekin izandako harremanak, kezkak eta egunerokoa ezagutu nahi izan dituzte, eta horiek guztiak Nelly Arcanekin lotu zuzenean, ez idazlearekin, hots, ni fikzionatuarekin, ezpada bere pertsonarekin, ni errealarekin, biografietan egin ohi den moduan. Dirudienez, puta bat ezin baita puta eta idazle izan aldi berean.
Orain artean, kritikak eta irakurle askok ez dute Arcanen hitzetatik harago ikusi nahi izan, ez alderdi literarioari dagokionez, ez liburuan gotortzen diren hausnarketa politiko eta kritika sozialei begira. Neure buruari galdetzen diot sona mediatiko hori, liburuak eragin duen interpretazio-erantzun bat baino, ez ote den, egiazki, gizarte kapitalista eta heteropatriarkalak eragin duen erantzun bat, bere oihartzun eta isla bat.
'Puta'
Nobela bat baino gehiago
Idazlea: Nelly Arcan. Itzultzailea: Miel A. Elustondo. Argitaletxea: Alberdania.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu