KRITIKA. Gasteizko 41. Jazzaldia

Nnenna Freelon, maite zaitugu

2017ko uztailaren 15a
00:00
Entzun

'Monk by 4':Kenny Barron, Cyrus Chestnut, Benny Green, & Eric Reed / TS Monk Sextet + Nnenna Freelon

Lekua: Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: Uztailak 13.

Ostegunean Thelonius Sphere (TS) Monken jaiotzaren urteurrena izan zen. Hori dela eta, aurtengo Jazzaldiak Mendizorrotzan egindako emanaldiak eskaini zizkion. Thelonious Monk piano jotzaile estatubatuarrak, 1930 eta 1940ko hamarkadetan, jazz modernoa sortzen lagundu zuen be bop estilo berriaren bidez. Haren inprobisatzeko era, garairako arras aurreratua, ez zen samurra ikuslego orokorrarentzat, eta laster jasan behar izan zuen bere lanarekiko ulermen eza, eta, askotan, arbuiatzea. Baina pixkanaka lortu zuen bere kideen onarpena eta lehengo eta ondorengo jazz zaleen miresmena, musika mota horren artista ikoniko bihurtu arte. Hark sortu zituen jazz estandar ezagunenak, hala nola Straight No Chaser, 52nd Street Theme, Blue Monk, eta, orain arte gehien bertsionatu izan den abestia, Round About Midnight.

Aurreko zatian lau piano jotzaile eder, Eric Reed, Benny Green, Cyrus Chestnut eta, ederren artean ederrenetarikoa, Kenny Barron, txandaka aritu ziren pianoan TS Monken lanak jotzen, hala nola, Thelonious, Bye-ya eta Like Blue. Batzuetan bakarka, beste batzuetan bikoteka, une batean laurak agertu ziren taula gainean, abesti batean pianoa partekatzeko.

Ideia ona bazen ere, pianistek, maisuak guztiak, emanaldi laburra eman zuten, eta nahiz eta ikusleek beste abesti bat eskatu, horietako bi baino ez ziren taularatu, haien ordezkariak hala eskatuta bis urri bat emateko.

Bigarren zatian, TS Monken semea taularatu zen; TS Monk izena du hark ere, eta kontatu zuen legez, hirugarren TS Monk-a da Monk familian, haren aitonak ere TS Monk izena baitzuen.

TS Monk, semea, bateria jotzaile porrokatua izateaz gain, aitaren legatuaren zaintzaile zintzoa ere bada, eta legatu hori ez da, ez, tontakeria bat. Hala, aitaren oroimena gordetzeko: TS Monk Sextet taldea sortu du, pianoa, kontrabaxua eta bateriaren pean, tronpeta eta saxo altua eta tenorra osagai dituen taldea. Egia esan, TS Monk semea da taldekiderik zaharrena; musikari gazteak eta onak dira gainerakoak.

Kontzertuan gogoz ekin zioten TS Monk aitak idatzitako hainbat abesti jotzeari: hala nola One by One, Evidence, Sierra eta Rythm-a-ning. Ekitaldi atsegina zena bikain bihurtu zen taula gainean Nnenna Freelon agertu zenean, In Walked Bud abesteko. Abeslaria, musika ekoizlea, idazlea, aktorea eta hainbat hezkuntza proiektutako kidea, bera izan da aurtengo Jazzaldiaren ezusteko eta zorioneko berraurkikuntza. Ahots dotore eta zabalekoa, scat teknikan maistra, taldea lagundu zuen; ez bakarrik abestia abestuz, baita taldeko beste instrumentuak imitatuz ere, jazzeko abeslariek egiten zuten bezala, handitasunez eta dotoreziaz.

Ikusleen aurpegietan harridura eta alaitasuna ez ziren emanaldia bukatu arte itzali; jabetuta geunden gertaera pozgarri eta bakanaren aurrean ginela, aspaldi jazzaldi honetan gertatu ez zena.

Lehen abestiaren ondoren, Eden Ahbezek idatzitako eta lehen aldiz Nat King Colek abestutako Nature Boy ederrarekin ausartu zen Freelon, ikusleen zoramenerako. Gero, taldekideek abeslaria eta kotrabaxua bakarrik utzi zituzten, biek Skylark eder eta hunkigarri bati ekiteko.

Taldeak emanaldiarekin aurrera jarraitu zuen, baina denak abeslaria noiz bueltatuko zain geratu ginen. Bukatzeko, nola ez, Round About Midnight ezinbestekoarekin taularatu zen berriro Freelon, gaua ixteko.

Etxerako bidea hartzean, pozak nire aurpegian jarraitzen zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.