Josteta dario Louis Aragonen poesia kaierari, Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaile apartak ekarri digun honi; josteta, eta hitzen lilura, hala Aragonen irudi-kadentzia azkengabean nola Diez de Ultzurrunen itzulpen neurtuan. Liburu honetan, gutxi dira orrialde bakarrean kabitzen diren poemak, eta halere haien erritmoaren biziak trostan bezala darama irakurlea liburu osoan barrena. Izan ere, kaier honetan itzultzailearen hautu printzipalak ematen du atentzioa gehien: alegia, hitz neurtuz itzultzeko hautuak, poema gehienen lerroak silabaz silaba neurtu eta errimaz ebakitzeak. Arin esaten da, baina itzulpen-lanari metrika eta errima eranstea, edukia zertxobait behartuagatik ezinbestean, ez da lan makala.
Gaur egun, poesiak lerroa nahi (edo behar) duenean ebakitzen duen honetan, irakurleak agian galduxea izango du ohitura silabaz silabako kadentzia erritmiko bati segitzeko eta hoskidetasunean laketzeko: «Tristura histuak du ahazten, / Bihotz hautsiak hotsa apaltzen». Errima hoskidea eta asonantea beldurrik gabe tartekatzen dira, eta bada lerroen barneko hoskidetasunik ere: «Abesti bat garbia nola ur berria / Eta txuria nola behialako ogia / Jaiotzaren gainetik dakikeena hegan / Artzainek ikusteko ongi den maneran». Bertso-lerroen neurriak ere askotarikoak dira, orobat hamar silabakoak, hemezortzikoak edo hamabikoak, baina doi-doiak guztiak ere, betelanik batere gabeak: «Alferrik dute haizeek uxatzen zeru urdinaren xangrina / Zure begiak negar-malkotan argiagoak baitira / Zure begiek jelosten dute euri ostean ortzia / Beira sekula ez da izaten haustean bezain urdina».
Hain justu ere, doitze formal horrek berekin dakar beste bertute bat, nik uste, poeta hitz-neurtzaile on ororena: formulazioarekin bete-betean asmatzea, hots, hitz-perpausak ezinago egokitzea poemari eta eduki poetikoari berari. Hitzak irudiak bezain ederrak izan daitezela, alegia. Esate baterako, «Batak zeruan zuen sinesten / Ez zen sinestun bertzea» anafora indartsua, edo: «Bihar atzo zer axola / Aldatuz doa bihotza / Ez barkamen ez errima / Ukitu zure lokia». Metrikaren zorrotzak ez dakar zurruntasunik, aitzitik baizik.
Joaira horretan, irakurlea kasik tupustean iristen da azken poema erdiragarrietara, ordurako metrika eta errima erantzirik eta olerkion kutsu ilunean sartuta. Beñat Sarasolaren hitzaurreak iradokitzen duenez, egilearen Les Chambres azken poema-bildumakoak bide dira, non heriotza baita gai nagusietako bat: «Nire bizitzako gela guztiek / beren hormekin itoko ninduten [...] badira gelak zauriak baino ederragoak / Badira gelak hutsalak irudituko zaizkizuenak / Badira gelak erreguka aritzekoak». Azken-aurreko poemaren lehen lerro latzak balio lezake kaieraren akaberako kutsu indartsua laburbiltzeko: «Betor gorroto nauena eta hil nazala».
Hautu ausarta egin du Diez de Ultzurrunek antologia honi ekitean, eta emaitzak ez dio kale egin. Izan ere, ale honetan, Munduko Poesia Kaieren bilduma osoan bezala, argi ikusten da poesia idazteko adina modu daudela poesia itzultzeko ere, poetak eta itzultzaileak bezain ugariak.
Betoz, bada, gehiago.
Literatura. 'Louis Aragon'
Neurtitzaren jolasa
Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun. Bilduma: Munduko Poesia Kaierak. Argitaletxea: Susa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu