'Irunberri 1990: Arroilaren negarra'

Negarraren bidea

Egilea: Pako Aristi. Argitaletxea: Erein.

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Idazle gisa ezagunagoa bada ere, ikasketaz kazetaria da Pako Aristi. Aurretik ere argitaratu izan ditu kazetaritzarekin lotutako testuak, baita hedabide ugarirekin kolaboratu ere. Irunberri 1990: Arroilaren negarra lana da alor horretan egin duen azken ekarpena. Liburuak 1990eko uztailaren 25ean Irunberriko arroilan gertatutakoa argitzeko asmoa du. Ikerketa zorrotz baten bitartez, autoreak kasu osoa berreraikitzen du. Susana Arregi eta Jon Lizarralde ETAko militanteak hilik suertatu ziren egun hartan. Bertsio ofiziala izan zen beren buruaz beste egin zutela, baina, hain zuzen, hori gezurtatzera eta instrukzioan egon ziren kontraesan eta itzalak seinalatzera dator liburua. Gertaerek oraindik ere oroitzapen latzak sor ditzaketen arren, kontrazalean esaten den gisan, ia-ia eleberri moduan irakur daiteke, Aristiren prosa gihartsu eta argia lagun.

1990eko uztailaren 25ean, 12:00 aldera, Jose Luis Hervas Guardia Zibileko sarjentuak topo egin zuen, ausaz, Irunberriko arroilan ekintza baterako informazioa biltzen zebiltzan ETAko hiru militanterekin: Susana Arregi, Jon Lizarralde eta German Rubenach. Poliziak identifikatzeko eskatu eta poltsak miatu zizkienean, tiro egin zioten besteek, bertan akabatuz. Une horretantxe hasi zen ia 24 orduko polizia-operazioa. Arratsalde horretan bertan Rubenach aurkitu zuten, bizirik, tiro bat buruan zuela. Biharamunean, Lizarralde eta Arregi, hilik. 1995eko epai baten arabera, ez zen frogatua izan militanteak suizidatu zirenik. Horixe izan zen, ordea, gobernuak eta hedabide hegemonikoek lehen momentutik sustatu eta elikatu nahi izan zuten bertsioa. Ez zen beste ikerketarik zabaldu. Aristik kasu osoaren kronika egiten du, gertaerei ez ezik, begirada protagonistei ere zuzenduz eta biktimen zein senideen erretratu humanoak eskainiz.

Euskal Herriko historia garaikidean duen garrantziaz gain, liburua bera obra moduan da erakargarria. Ez-fikziozko literaturatzat har daiteke, besteak beste, eta distantziak distantzia, Truman Capoteren Odol hotzean dakar gogora. Aristiren idazkera, gorago esan bezala, kazetaritza moldeak eskatzen duen bezain garbia da, aratza. Literariotasunerako joerarik badu, dena dela. Metafora zantzurik suma daiteke han-hemenka, baliabide literario ez gutxi. Antzeman daiteke, orobat, irakurlearengan jakin-mina sortzea helburu duen narrazioa harilkatzeko modu bat, hura interpelatu guran dabilena. Arroilaren deskribapenetan, kasuko aktoreak aurkezteko eran, gertaeraren girotzea egiterakoan, balizko eszenak imajinatzerakoan... nabari zaio idazlearen eskua autoreari. Atalen antolaketak ere indartzen du eleberria irakurtzen ari garelako sentipena, atal laburrak kapituluen barruan txertatuta, bakoitza izenburu iradokitzaile batekin. Teknika literarioak, kasuaren kronika lausotu ordez, berau argitu egiten du, bere inpaktua handitu. Justiziaren faltan, izan ere, Azken alegatua atalean aldarrikatzen den egiara hurbiltzeko bide emankorra eman dezakete narrazioek. Negarraren bideari jarraitu, istorioen xerka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.