'Txillardegiren borroka abertzalea'

Nazioa ala klasea: Txillardegi

Idazlea: Pako Sudupe. Argitaletxea: Elkar.

Alex Gurrutxaga Muxika.
2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (1929-2012) XX. mendearen bigarren erdiko euskal intelektual eta eragile nagusietako bat izan zen, eta Pako Sudupek haren ideologia politikoa jorratu du.

Saiakeraren lehen giltzarria dokumentazioa da. Txillardegiren artikuluak, saiakerak eta bestelako adierazpenak —denak ez bada, gehienak— hartu ditu kontuan Sudupek. Bigarren klabea dokumentazio horrekiko fideltasuna da, edo, Umberto Ecok esango lukeen bezala, interpretazioaren muga mantentzea: gauzak bere testuinguruan eman, ez bere onetik atera, eta pentsalariak esandakoa errespetatu, norbere uste eta desiretara makurtu gabe. Horrela, irakurleak saiakera emankor eta fidela hartuko du eskuetan.

Beste muturrean, badaude falta pare bat ere. Batetik, Suduperen beraren ahotsa apala da: oso ugariak dira Txillardegiren aipu luzeak —gehiegi ere bai batzuetan, hala nola lehen parteko 6. eta 7. ataletan—, badaude azalpen objektiboak ere, baina labur geratzen da parafrasi eta interpretazioetan —forman ere igartzen da hutsunea: lokailuetan, aditz jokatugabeekin egindako esaldietan, eta abar—. Egia da Txillardegi argi mintzo zela, baina saioa Suduperena da, eta horretan gehiago arriskatzea eska dakioke. Bestetik, irakurleak eskertuko luke sintesi lan handiagoa ere; liburuaren funtsa dialektikoa da, jakina, eta hori bikain zaintzen du egileak, baina han-hemenkako laburpenak —hala nola 2. parteko 1. kapitulukoa— eta amaiera ixtea falta dira.

Edonola ere, garbi gera bedi hauek ez direla aitzakiak saiakeraren balioa azpimarratzerakoan. Esan bezala, dokumentazio eta azalpen maila handia dauzka, eta Txillardegiren pentsamendua —lehen partea— eta ibilbidea —bigarren partea— bikain marraztu ditu egileak. Txillardegiren ibilbidea konplexua baina koherentea izan zen, eta Sudupek hori islatu du.

Txillardegiri zor diogu, besteak beste, euskara eztabaida politikoaren erdigunean jarri izana; eta hori funtsezkoa izan zen euskal gizarteak sabinismoaren itzala gainetik ken zezan. Bera izan zen lehengo gudariak eta oraingoak hari berean lotu zituen diskurtsoaren sortzaileetako bat ere; ETAren sortzailea izan zen eta ez zuen ETAren indarkeria kondenatu, baina ildo militarra estrategikoki okertzat jo zuen. Borroka sozialari dagokionez, sozialista-humanista zen, eta oso kritikoa izan zen marxismo-leninismoarekin —Proudhon eta Bakuninengandik gertu—. «Fronte abertzalea» osatzea defendatu zuen beti—hortik Lizarra-Garazik emandako itxaropena—; klase-borrokaren eta nazio-borrokaren artean, ia beti lehenetsi zuen bigarrena, eta ez zituen inoiz begi onez ikusi ezker espainolista eta honekin paktatzen duen EAJ.

Oraindik orain, Txillardegiren izena karga sinboliko handia hartzen hasia da. Ez genuke ahaztu behar Txillardegi, oroz gain, «intelektual engaiatua» zela —Suduperen hitzetan—, gogoetarako eta dialektikarako joera erakutsi zuela beti —zer dira, bestela, politika eta filosofia, zer literatura?—, polemikarako grina zeukala—J. A. Arrietak esana—, eta ez zela maximalismo eta dogmetara errenditzen.

Pako Sudupek aukera oso ona eskaini digu XX. mendeko pentsalari eta politikari funtsezko baten ideia abertzaleetan murgiltzeko. Hortik aurrera, irakurlearena da erantzu(kizu)na.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.