Kimia Kamvari
Erakusketa: Nature Change.Lekua: Cristina Enea, Donostia. Noiz arte: otsailaren 22ra.
Zuhaitz artetik paseoan ibili ostean, Kristinaeneko beirazko ateak zeharkatu, eta harrera ilargiak egiten du eskailera burutik begiratuz. Haren faseen aldizkako aldaketek ia hipnotizaturik, eta ilargiaren irudiaren proiekziotik begiak ezin bazterturik, nahigabean oinek beregana eramaten naute. Ilargiak naturaren gainean sortzen duen eraginaren ondorio izango da hau ere. Goiko balaustradara iritsita geldi, begiak oraindik ere hormari begira ditut. Baina kurioski, ilargiak ez dirudi ilargia, hain ikusten da argi, hain ikusten dira zehatz haren krater eta inperfekzio guztiak gauetan burua altxatu eta zeruan ikusten dugunarekiko... Goiko balaustradan geldi oraindik, konturatu berri naiz nahi gabe Nature Change erakusketan barneraturik nagoela.
Kimia Kamvariren banakako proposamena da. Teheran, ia 9 milioi biztanleko hiria utzi eta Astigarreta, Beasaingo auzo txikira (Wikipediaren arabera hamahiru biztanlekoa) egindako lekualdatzearen ondorioaren emaitzetariko bat, dudarik gabe. Etxe orratzez, asfaltoz eta autoz inguratuta bizitzetik, gizakiak naturaren gainean erdietsitako muturreko domestikazio horren zantzurik apenas antzeman daitekeen lekuaren arakatze, aztertze eta miatzearen emaitza. Ekintza benetan zintzoa eta prestua da bere sinpletasunean artistak ingurugiro berrian egindako ekoizpenaren abiapuntua: bere bizileku berri eta hain ezberdinaren ezagutza. Benetako ezagutza, bere etxean eta etxearen inguruak zeharkatzen dituen lurrean eta haietan hazten diren landare eta animalietan oinarritua. Emandako pauso, begirada eta laztantze bakoitza aurkikuntza berri gisara tratatuz. Hain zuzen ere, Kamvarik gure ingurumenarekiko eta horrekin izan dezakegun harremanarekiko dakarkigun atzerritarraren begirada urrundu horri esker, geure bazterrekiko bestelako inguratzea bermatzen digu.
Ilgoran edo ilbeheran, perretxikoetara noiz joan behar dugun ahaztu zait jada, baina, hala ere, joaten gara, harizti edo pagadi baten gerizpean onddo beltzik non topatuko bilaka. Nire gurasoak ere joaten dira, eta amona ere joaten zen. Berak erakutsi zigun zein bil zitezkeen eta zein ez, zein ziren jangarriak eta zein pozoitsuak. Eta hala egiten dugu, pozoitsuak mendian utzi, eta jangarriak soilik saskiratu; azken hauek direlarik ongien ezagutzen ditugunak. Kristinaeneko erakustaretoetan berriz ez dago ez gibel urdin, ziza edo onddorik.
Urbeltza ageri da, hamaika forma ezberdin hartzen dituelarik, denboraren poderioz bere izaera solidoa eta zuria galdu eta di-da beltz bilakatuta. Asfaltoetan ere ateratzen den perretxikoa omen da, eta, horren ondorioz, agian, gizakiarekin edo gizakiaren egungo zereginekin erlazio estuen izan dezakeena, nahiz eta perretxiko jangarrietan trebatutako gure begiok erabat alboraturik dituzten.
Horman zintzilik, esporek utzitako aztarnak ere harrigarri ikusten dira. Banan-banan begiak limurtzen dituzte, ia kristal babesgarria jo arte hurbilaraziz, sortutako lerro perfektu bakoitza arakatzeko asmoz.
Gizakion eta naturaren arteko erlazioa, azken urte hauetan batez ere, erabat perbertitu da. Natura etxekotu egin dugu, eta bere izaera basatia errotik ebaki diogu. Askok zenbait landare eta barazki supermerkatuetako hozkailuetatik kanpo ez dituzte inoiz ikusi ere egin. Eta baratze bat ikusi duenak, berriz, ziur ez dituela ezagutzen hango landareak egoera naturalean, zaintzarik jaso gabe alegia. Nork ikusi du inoiz porru bat loretan?
Naturan bizitzaren zikloa etengabekoa da. Loreetatik haziak sortuko dira, eta landarea hil ahala besteak haziko dira lurrean. Naturan, bizitzaren presentzia ez ezik heriotzarena ere etengabekoa da. Ez dago bata bestea gabe; eta tartean, gu. Aurriekin egindako hainbat lan ikusgarrik ematen diote amaiera erakusketari. Berriz ere balaustradara irten, eta ilargiak bere zikloa amaitzen du.
Naturaren eta gizakion arteko erlazioan oreka lortzea zaila izaten da maiz, baina erlazio horretara begiratzeko modu berri eta eder bat dakarkigu Kimia Kamvarik, atzerritarraren jakin-minezko begirada naifak eta zintzoak eskaintzen duena, ekologiaren perspektibaren filtroetatik igarotakoa betiere.