KRITIKA. Zinema

Musika biziduna

Andoni Imaz
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun

'Orkestra Lurtarra'

Zuzendariak: Joseba Ponce, Imanol Zinkunegi. Gidoilariak: Harkaitz Cano, Eneko Olasagasti. Musika: Joseba Ponce. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 70 minutu.

Hitz jokoek eta hizkuntzaren jolasak ez dute etenik Harkaitz Canoren Orkestra Lurtarra liburuan, kontakizuna bera pizzicato erara idatzia balego bezala, esaldi bakoitzari atximur eginez, pasarte zoro batetik bestera jauzika, atalkako kontakizunak ematen dion askatasunaz baliatuta. Jolas horrek irudimen biziko mundu bat itxuratzen du, gainera, baliabide literarioen bidez: elkarrizketa eta gertaera dibertigarriek gogoa astintzeko balio dute.

Bada nahikoa arrazoi pentsatzeko Manu erratz jotzailearen eta lagunen ibilerak film bihurtzea ez dela lan samurra. Eta, azkenean, istorioa zeharo aldatu dute, jatorrizko materialari bultzaka eta tiraka. Elkarren osagarri diren bi helduleku nagusi jarri baitituzte: Stefano Salegi manager iruzurtia, filmeko maltzur ergela, ekintza gidatzeko bultza egiten duena, eta Stella Panini musikari izarra, Manuren desirari tiraka dabilena.

Zentzu bat ematen diote ibilbideari, baina, era berean, arinkeria puzten dute, sakontasuna ekarri baino gehiago —berdin Krokantiren familiak—. Aldiz, istorioaren ikuspuntu berriak, abiaburua Manuren helduaroan kokatzeak, balio du denboraren iragateaz, gazteetako ametsez eta bakoitzak bere bideari segitzearen garrantziaz aritzeko.

Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegi buru dituen animatzaile talde zabalak sortu duen mundua bat dator kontatzen denaren tonuarekin, diseinuei esker, neurri batean: pertsonaiak —zer dibertigarriak Perfumetti anaiak—, hiriak, ibilgailuak... Dena fantasiaren mesedetan egina dago, Lur eta Amets (2020) aurreko laneko irudi errealista koloretsuak alde batera utzita.

Ekintzak gidatzen du filma, Marx anaien istorio baten gisan, eta, kaosak gain hartuta, galdu egiten da liburuak jolasaren bidez emandako hausnarketek sortzen duten plazera, pelikulari kosta egiten baitzaio elkarrizketen graziari eustea, eta horrek eragiten baitio nekerik handiena erritmoari. Izaera kaotiko horretan, gozatzeko modukoa da, ordea, animazioa zer leiala den musikarekin, irudiak eta soinuak nola osatzen duten elkar une guztietan.

Izan ere, Ponceren musikak distira egiten du filmean, aldikako pieza laburretan eta osoki jotakoetan —itsasontziko eta New Yorkeko kantaldietan—. Estilo guztiek kolorea ematen diote lanari.

Puntako estudioek aise berenganatzen dute animaziozko zinemari begiratzen dion foku ahularen argi guztia. Eta, bitartean, beste mapa batean kokatuta, Lotura Films estudio lurtarrak bere-berea duen estilo baten arabera sortzen jarraitzen du, mugak muga, marrazki bizidunen estetika erronka bakoitzera egokituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.