KRITIKA. Artea

Museoaren tripak

Katinka Bock artistaren piezetako bat, Artiumeko erakusketan. J. FONTANEDA / FOKU.
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun

Katinka Bock. 'Logbook'

Non: Artium museoa, Gasteiz.Noiz arte: Irailaren 12ra arte.

Erakusketa espazio tradizionalen murru zuri, zabal eta zurrunei bizia ematen diete artelanek. Halaber, badira espazioaren logika eta zentzua guztiz eraldatzeko gai direnak, alegia, murruak barreiatuz bestelako atmosfera bat sortzen dutenak. Artiumeko A2 espazioan murgiltzen garen momentuan sentsazio horrek blaituko gaitu, murruen irekidurek, bertan ezkutatutako artelanek edota espazioa argitzen duten leihatilek bestelako logika bat ematen baitiete aretoari eta espazioak biltzen dituen artelanei.

Hain zuzen, Katinka Bock artistaren Logbook (Ontziko liburua) erakusketa da espazioa eraldatzearen arrazoia, haren adierazpen artistikoaren eredu baita museoaren murruetan gauzatutako esku hartzea. Hainbat eta hainbat materialez egituratutako argazki, eskultura eta instalazioak aurkeztuko zaizkigu bertan: buztinezkoak, zuraren ezaugarri naturalak mantentzen dituztenak, altzairuzkoak, brontzezkoak... edota bere jatorrizko testuingurutik kanpo esanahi berriak bereganatzen dituzten objektuak.

Kasu honetan, erakusketa aretoa itsasontzien barnealdearekin alderatzen du Bockek. Halatan, barnealde hari zein itsasoarekin lotutako literaturari men eginik, kutsu metaforiko zein sinbolikoetan murgildurik, baleen tripekin nolabaiteko paralelismoa sortzen du artistak.

Hari horri tiraka, Bockek museoarekiko, artelanekiko eta lekukotasunarekiko lotura bilatzen duela kontuan harturik, euskal itsas historiaren aztarnak agertuko zaizkigu, mostraren azkeneko guneetan batez ere. Erakusketarekin lehenengo kontaktua izan bezain pronto izanen dugu lotura horren berri, espazio guztiekiko perspektiba izatea ahalbidetzen duten irekidurek islatzen baitute. Alabaina, espazioan egindako esku hartzea arina, leuna eta xumea da.

Ildo horri jarraiki, erakusketa aretoan sartu aurretik aluminiozko plaka batek eragozten digu ikusmira; hori zeharkatzean aldatzen da gauza, eta hainbatetan bisitatu dudan espazioaren eraldatzeaz ohartzen naiz. Izan ere, aurretik esan bezala, gela ezberdinak daude, baina artistak sortutako irekidurek espazio guztiekiko perspektibak geureganatzen dizkigute. Ondorioz, eremu gehienetan inguruko gelen eduki guztiak ezagutzeko aukera dugu, eta nolabaiteko perspektiba interesgarria eskuratzen dugu.

Alegiazko atmosfera batean egongo bagina bezala, murruak irekitzen dira, leihatilak agertzen, edota horma zurien arrakaletatik objektuak irteten. Honela, nahiz eta ikusleok jarraitu beharreko zirkuitua lineala izan, ingurua moldatzen duten hainbat ezaugarrirekin egingo dugu topo.

Hasiera batean ezagun egin ahal zaizkigun hainbat objektu izango ditugu, baina, haiek irreal bilakatzen dituzten ukitu txikiak izanen dituzte. Batez ere, materialen plastikotasunari edota objektuen jatorrizko eskalen eraldatzeari men egiten diotenek harrapatuko gaituzte: haritz-zurak zeharkatutako erradiadoreak, zeramika zatiek hartutako leungailua edota One to eight of eight instalazioa.

Halaber, deigarria da guztiz murruetan eskegitako piezen kokapena, arretaz aztertu behar baititugu hormak, sabaiak eta bertan sortutako irekidura berriak. Alegia, Confusions possibles instalazioa izanen da xehetasun gehien eskatuko diguna, indusketa arkeologiko bat izango balitz bezala, murruen tripetan barneratu behar baikara bertan ezkutatutako piezak aztertzeko.

Bocken sortze prozesuak modu intimo eta zuzenean ikusarazten ditu objektuen lekua, jatorria, materialak eta ibilbidea, hein handi batean. Baina, azpimarratzekoa da hura ez dela objektuen ezaugarrietara mugatzen, landutako objektu eta materialen muga fisikoak zeharkatzea lortzen baitu artistak, espazioaren beraren ezaugarri eta istorio propioen aztertzea gauzatuta.

Gai zehatz baten pean, irudi eta objektu solteek istorio bat edo beste geureganatu ahal dizkigute, beraz, geure oroitzapen eta pertzepzioetatik abiaturik istorio bat edo beste ehuntzera gonbidatzen gaitu inguruak. Honela, eskulturak, instalazioak eta argazkiak espazio bihurtzen dira, eta, era berean, espazioa bera museoaren tripak bistaratzen dituen pieza eskultorikoa izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.