Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail ofiziala

Musa, artistaren bila

Gontzal Agote.
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
'Amen'

Zuzendari eta gidoilaria: KimKi-duk. Aktoreak: Kim Ye-na. Herrialdea: Hego Korea.Iraupena: 72 minutu.

Azkar joaten da denbora, baina orain dela ez asko Kim Ki-duk zerura eraman zuten mundu osoko zinema jaialdiek zein kritikariek. Milurteko berriarekin egin zituen lanek onespen zabala jasotzen, «zinema korear berriaren» garaiak ziren ordukoak.

Baina etorri bezala, joan egiten dira, zerutik infernura pauso bakarra dagoela esatea ez da aurkikuntza handia. Halaxe izan zen korearraren kasuan, berehala moda berriak etorri ziren —zinema errumaniarra, filipinarra…— eta gehienen begietara Ki-duken distira itzali egin zen. Basamortuaren bidea egin behar izan zuen enegarren artista.

Hain zuzen ere, Amen zeruetatik jaisten den irudiekin abiatzen da, lurreratzen den hegazkin batekin. Hortik abiatuta, sortze prozesuaren inguruko istorio ia esperimentala da zinemagileak proposatzen duena; autobiografia izan gabe, bere ibilbidearen gorabeherak islatzen duen esperimentu bitxi eta pertsonala.

Batzuetan harrigarria, bestetan hermetikoa. Formalki zein narratiboki elementu interesgarriak ditu filmak, baina laburra izanagatik hainbatetan ariketa sobera itxia eta errepikakorra gertatzen ahal da.

Izan ere, zaila da Amen-ek barnean dituen klabe guztiak barneratzea. Protagonistaren Europan barnako bidaia aitzakia bihurtzen da artistaren bila doan inspirazioaren metafora egiteko. Maskara baten atzean, ezkutuan gordetzen du bere aurpegia artistak, nonbait ez du gogorik, ezta indarrik ere, berriro munduaren begietara jartzeko. Paris, Venezia, Avignon… artista gehienen toki kutunak, gotorlekuak, sinboloak. Atzean duen musarengandik etengabeko ihesean, erditze prozesua bortxaz irudikatu du Ki-dukek, bizi izan dituen lehorte gogorren ispilu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.