KRITIKA. Dantza

Munduen artean dantzan

Agus Perez.
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun

MalandainBallet Biarritz

Obrak eta koreografoak:Nocturnes, Rêverie romantique (Thierry Malandain), Sirènes (Martin Harriage). Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: Apirilak 7.

Hainbat munduren arteko hiru koreografia ekarri ditu Miarritzeko balletak Donostiara. Haietariko bi erabateko estreinaldiak izan dira, eta bestea—Nocturnes— 2014an estreinatu zen Viktoria Eugenia antzokian.

Azken horrekin zabaldu da gaualdia. Eszenako hondoak ezezagunaren iluntasun sakona adierazi du, eta distantzia ertainean isats-piano bat kokatu da. Ikusleengandik hurbilago argi korridore bat eratu da, eta handik igaro dira dantzariak, multzoka, binaka, banaka, norabide berean beti eta grisen gamako jantzi soil eta berdinekin. Izan ere, pieza honetarako Erdi Aroko dantza makabroen irudietan oinarritu da Malandain, haietan irudikatzen baita denok goazela igarobide beretik, bizidunen mundutik hildakoenerantz, eta herioak berdinduko gaituela gu guztiok.

Thomas Valverde piano joleak fin eta garbi interpretatu ditu Chopinen bost nokturno, eta dantza noizean behin ligatu da musikaren inflexioekin, baina gehienetan harengandik libre ibili da. Dantzariek paraleloan eta elkarren kontrastean garatu dituzte beren eboluzioak, frisoak eratuz askotan, gaitasun atletiko moderatuan batzuetan eta hizkera koreografiko neurtuan beti, eta azken pasartean Chopinen nota-turrusta dantzarien gorputzekin eman da, denak lerroan etzanda eta haietariko bakoitzak pianoko tekla bana hankekin irudikatuta.

Rêverie romantiqueLes Sylphides jatorrizko izenean— izan da gaualdiko lehen estreinaldia, eta pieza honetan gaurko mundura ekarri du Malandainek Mikhail Fokinen ballet erromantikoaren aroa, orduko sorkuntzatik zati pare bat zuzenean berreskuratuz. Bide horretatik, erabat klasikoak izan dira dantzarien jarrerak, baina dantzaren diseinuan umore-ukitu erdi ironiko erdi grotesko batzuk txertatu ditu koreografoak. Hala ere, mantendu egin dira orduko egitura ez-narratiboa, silfideen mundutik kanpoko gizon gaztea eta Chopinen pieza batzuekin egindako suitea.

Egitaraua amaitzeko, Martin Harriageren Sirénes estreinatu da, itsas azpiko mundua eta gurea nolabait elkartuz. Harriage baionesa Bilboko Euskalduna jauregian ezagutu genuen, Euskadiko Gazte Orkestrarekin eta Dantzaz konpainiarako egin zuen koreografia batean, eta oraingo honetan ozeanoen aldeko mezu bat zabaldu nahi izan du, mikrofonotik plastikoari buruzko hitzaldi bat txertatuz eta dantzariei itsasoetako izaki misteriotsuen itxura emanez. Beltzez jantzitako dantzariak —besoak, hankak eta gorputz-enborrak agerian— energia-eztanda koordinatuetan ibili dira, argiztapen tenebristan murgilduta eta atzean itsasontzi bateko bela beltzak zituztela. Vivaldi eta Corelliren musika barrokoak lagundu ditu haien pausoak, eta mugimendua estuki lotua izan da partituretako nota guztiei. Beharbada materialegia suertatu da koreografoak eman nahi izan digun mezua, baina, dudarik ez, sirenen pasarte ederrak eta dantza kolektiboa bilakatu den duo miresgarriak asko esaten dute Euskal Herriko koreografo garaikide honi buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.