Artea. Kritika

Mundu fantastikoak

Daniel Tamayoren Alegiak erakusketako margolanetako bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Artea

'Alegiak'. Daniel Tamayo

Non: Bilboko Arte Eder museoan.

Noiz arte: Ekainaren 12ra arte.

Deabruak, Errauskine, munstroak, helikopteroak, mendixka kubiko eta espiralak, labirintoak, Diana eta Apolo, zuhaitzak, pailazoak, boxeolariak, Kristo gurutziltzatuak, cowboy-ak, lokomotorak, sugeak, izarrak, inora ez doazen eskailerak, baserritarrak, San Migel eta estralurtarrak. Horiek guztiak eta askoz gehiago aurki daitezke Daniel Tamayo (Bilbo, 1951) margolariaren pintura lanetan.

Guztira, 26 pintura lan dira, denak azken hamarkadan gauzatutakoak, eta tamaina askotakoak, baina formatu handikoak gehienak. Lan oso kargatuak dira, txingotez beteak —ehunka eta ehunka izaki guztira, eta mihisean toki hutsik ez, horror vacui nabarmen batean—. Oro har, kutsu ludiko eta surrealista darie askori, kolore tonu bizidun paisaia fantastikoetan kokatzen baitira Tamayoren mundu onirikoak.

Askotan aipatu ohi da, topiko bihurtzeraino sarritan, zenbait artistaren —izan pintore, zinemagile, idazle— lanaz hitz egitean, berau maitatu edo gorrotatu besterik ez dagoela, hau da, agertzen duten lanaren izaera bereziaren aurrean ez dagoela hotz geratzerik; gustuko ditugu ala ez. Neurri batean halakorik gerta daiteke Tamayoren lanarekin: oso estilo pertsonala garatu du —heldua, konplexua eta identifikatzen erraza—, eta bere lanak, formalki bederen, oso antzekoak dira beraien artean. Horrexegatik, margogintza modu hau —koloretsua, detailetsua, fantastikoa— gustuko izanez gero, Tamayoren pintura atsegin izango zaio askori, baina agian ez beste zenbaiti. Dena den, gustuak gorabehera, pintore bilbotarraren lanak badu azpimarratu beharreko baliorik. Izan ere, esangura kontzeptual sakoneko lanen aurrean egon ez arren, pintura modu jostalari, alai eta erakargarriaren lehen itxuraz haratago, Tamayoren lanek gogoeta konplexu eta sakonago bat aditzera ematen dute.

Zinez, teknikoki azken detaileraino zaindutako lanak ditugu. Alde batetik, konposizioa oso landua dago, modu zehatzean zehaztua forma eta koloreen arteko oreka; hainbeste elementuren aurrean begirada pausatu ezin duen ikuslearen pertzepzioari laguntzeko eszena bakoitzaren izaera eszenografikoari osotasun bat ematea lortzen da. Bestetik, hondoaren eta figuren arteko harreman berezia dago; perspektiba klasikoari muzin eginez, pertsonaiak gainezka egiten duen espazioaren barnean antolatzen dira, airean baleude bezala,pertzepzioaren ohiko arauak hautsita, eta margotzeko modu engainagarri bati bide emanez —alegiak, fabulaz gain, egia ezkutatzen duten itxurak ere baditugu—.

Panpina, mendi, eraikin eta objektuak, neurri batean, modu eskematikoan landuak dira —asko eta asko marrazki bizidunetatik atereak balira bezala—, izan ere, Tamayok errealitatea eta espazioa geometrikoki interpretatzen du, nahiz eta forma angelutsuekin forma kurboak ere tartekatu, eta xehetasun askoz eta kolore eztandaretan, marrazki garbia nabarmentzen da.

Pertsonaiak, esan bezala, orotarikoak dira, euskal zein mitologia klasikotik hasi, grafitiaren zein publizitatearen mundutik pasa eta erlijio gaietan bukatzeraino. Hala, jatorri oso ezberdinetako izakien safari gordailua osatu du Tamayok, eta aldi berean, elkarren artean kokatuta, errealitate umoretsu eta ironikoak sortu ditu. Badira gure hurbileneko errealitateari erreferentzia egiten diotenak —Batzoki maitia, Aralar, Urdaibai: jauntxoaren epopeia—, kultura klasikoan —Itaka, Diana eta Apolo— zein erlijiosoan —Kreazioa— inspiratzen direnak, baita Artearen Historiari erreferentzia zuzenak —De Nachtwacht (Gaueko erronda)—, eta gizarte modernoaren balioen gaineko begirada burlatiak —Fittnes kultua—.

Boscoren Gozamenen lorategia lanaren berrinterpretazio posmodernoa balitz bezala, itxuraz erlazio zuzenik gabeko pertsonaia eta gertakizunen aniztasun horren barnean, Tamayok nolabaiteko naturaltasun bat lortzen du. Eta aldi berean, ezkutuan diren esangurak eta erreferentziak bilatu guran dabilen ikusleari narrazio berriak sortzeko parada ematen dio, hots, norberak bere alegia propioak garatzeko aukera, izan ere, Tamayoren lana polisemikoa da oso, argumentu irekiko pinturak dira bereak. Haatik, Lessismore town dugu mostrako lan ezberdinena, izaki gabekoa eta ez hain bizia —baina ez horregatik indarrik gabea—, eta artistak azaldu lez, bide berri baten abiapuntua.

Tamayoren lanek —pintore gehienenak bezalaxe— asko irabazten dute aldi berean aurkeztuta. Izan ere, pintura bakoitzak mundu bat erakusten duen bezala, hauek hain dira beraien artean osagarriak, ezen guztiek batera modu koherentean artistaren unibertsoaren aberastasuna agertzen dute. Oro har, pintura konplexua, erakargarria eta iradokitzailea dugu. Gainera, margolan asko lehen aldiz agertzen dituzte jendearen aurrean. Horregatik guztiagatik, Tamayoren pinturaz gozatzeko parada ederra dugu Bilboko Arte Eder museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.