'Azken itzulia'
Egilea: Joel Jouanneau. Euskaratzea: Txomin Hegi. Zuzendaritza: Jean-Michel Broucaret, Catherine Mouriec. Eszenografia, atrezzoa eta jantziak: Sophie Bancon, Annie Onchalo. Musikaria: Jesus Aured. Antzezleak: Txomin Hegi, Patxi Uzkudun. Lekua: Donostiako Imanol Larzabal kultur-gunea (Lugaritz). Eguna: Apirilak 1.Apirilaren lehen eguneko euri-jasa trumoitsuetan bilduta eta Lugaritz aretoko besaulkietaraino ikusle kualifikatu batzuk etorriak zirelarik—Enkarni Genua, Olatz Beobide...— aurkeztu du Hegoaldean Baionako Chimeres konpainiak euskaraz egin duen azken sorkuntza.
Zalantzarik gabe, Txomin Hegi dugu Euskal Herriko konpainia handi honen helduleku euskaldun eta euskaltzale nagusia, eta egunen batean omenaldi, monumentu, ereserki edo nik ez dakit zer egin beharko diogu euskararen duintasuna eta gaurkotasuna hain zintzoki, hain apal, hain fermuki defendatzeagatik. Azken itzulia deitu dute Chimeresen proposamena, eta nago ez ote den izenburu beldurgarri hori profetikoa izango, Hegi militantearengan suma daitezkeen nekea eta desengainua kontuan hartuta.
Alde horretatik, ordea, ezin hobeto datorkio Joel Jouanneauren testua antzezlearen egoera bereziari, batez ere kontuan izanda egileak transmisioaren gaian jarritako indarra. Hegik berak ekarri du testua lapurtera herrikoira, eta, funtsean, gaztetxo baten bidaia iniziatikoa deskribatzen da kontakizunean: Aldebaran izeneko agure jakintsuaren presentzia eta gidaritza ezinbestekoak izango dira mutikoak munduko errebueltak eta aldapa gogorrak ezagut ditzan eta haietariko bakoitzetik ahalik eta probetxu handiena atera dezan.
Bizikleta gainean dabiltza Aldebaran eta gaztetxoa pedalei ekinez, eta, bidean dabiltzalarik, bizitzaren opariak erakutsiko dizkio nagusiak gazteari: usain-belarrak, txorien kantuak, onddo eta perretxikoen ahalmen misteriotsuak... eta kantinploran daraman edabe sorgindua! Zein bidaia eder biek egin dutena! Zenbat gauza ikusi, zenbat ikasi, zelako miresmena gaztetxoarena eta zelako maitasuna agurearena! Azkenean, ordea, gailurrera iritsi eta egiaren ordua heldu zaio maisuari, ikasleari erakutsi behar izan dionean bizitza honetan dena ez dela uste bezain garbia. Hasiera-hasieratik zetorren alegoria —tunelaren bidez izandako agerpena barne— bere puntu gorenera heldu da gaua iritsi eta biak erreka ondoan lo geratu direnean.
Ikuspegi eszenikotik, plataforma dinamiko batek irudikatu du errepide amaigabea, eta haren atzeko pantaila zuriarekin gehiago nabarmendu da bi antzezleen gaitasuna. Ni behintzat asper eginda nago irudi proiektatuek antzerki emanaldietan hartu duten rol obsesiboarekin, baina kasu honetarako haien faltan egon naiz, uste dudalako une batzuetan osagarriak izan zitezkeela balio metaforikoko irudi batzuk. Hala ere, Chimeresek bere ohiko kalitatearen alde egin du, adierazkortasun neurtuan bermatuta, eta horrekin batera funtsezko elementuak izan dira argien diseinu egokia, erritmo landua, ahotsen dentsitatea eta soinu-jolearen rola, haren eskuetatik irtendako hotsek eta melodiek soinu-paisaia aberatsa eratu eta esangura berezia eman baitiote proposamen eszeniko polit honi.