KRITIKA. Dantza

Mundu bat liburuan

Agus Perez.
2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun

'Oa-huetak'

Konpainia: Elirale.Lekua: Iturengo udaletxeko ganbara. Eguna: Abenduak 3.

Euskararen egunean eta Nafarroaren egunean izan dut Elirale konpainiaren azken sorkuntza ikusteko parada, non eta Iturengo udaletxeko ganbara ederrean. Banengoen ni emanaldi polita izango zela, joaldunen herriraino bidaiatzea berez justifikatuko zuena, baina beste gauza batzuk ere politak egin zaizkit: etxe handiko eskaileretatik igotzean haurren marrazkiek erakutsi digute hantxe dagoela herriko eskola ere, eta emanaldi aurreko lehen bisitariak izanik, denbora ukan dugu teilatu azpiko egurrezko egituraren garbitasuna miresteko.

Hasiera aurreko minutuak ere bereziak izan dira, konpainiako hiru antzezle-dantzari-musikariek albo batean itxaron baitute, alboko alfonbra batean eserita, noizean behin haurrei eta beren senideei lagunduz leku txikietan lekua hartzen. Haur lasaiak izan dira guztiak, gaztetxo koadrila bat ere bertaratu da erdi lotsati, eta guraso anitz ere etorri da haur txikiekin batera. Den-denak euskaldunak eta denak begirune handikoak artisten lanari begira.

Pantxika Telleriak zuzentzen duen konpainia aspaldi espezializatu zen haurrendako dantzan, eta bere aitzineko lanetan bezala — Kadira, Otto, Krokodilo...— oraingoan ere asmatu du haur txikien sentiberatasun xaloarekin konektatzen. Dohain handiak behar dira ikusleria berezi hori bereganatzeko, eta are handiagoak nerabeak eta helduak konkistatzeko, batez ere haurrak ez direnendako kontzesiorik egin ezean. Apika horretan datza konpainiaren magia, ikusleoi haur bilakatzea beste erremediorik geratzen ez zaigulako, tarte batez gutxienez, eta haur bilakatze horretan gozamen berezia aurkitzen dugulako, tarte batez izan arren.

Emanaldia presarik gabe gauzatu da, erritmo pausatuan, estresari uko eginez eta lasaitasunaren ederra nabarmenduz. Zuzenean jotako instrumentuek — gitarra, biolina, saxoa...— giro goxo, leun eta bizigarriak sortu dituzte eta haiekin batera olerki txikiak eta kanta herrikoi xumeak etorri dira, erdi jolas erdi dantza izan diren kontakizun laburretan. Haurren gozagarri izan dira bereziki telefonoekin egindako dei burugabeak eta pilota baten kontura izandako eszena, kamera geldoan balitz bezala jokatu dutena. Otsoaren agerpenak, nola ez, beldur uneak sortu ditu haurrengan, baina hoberena da otsoaren figura beso bakar batekin irudikatu duela neska dantzariak, larru iletsu beltz batez estalita.

Krokodiloa, ilargia, armiarma eta euliaren dantza dibertigarria... Zenbat gauza atera ote dira liburu harrigarri hartatik! Beragatik bakarrik mereziko luke lan hau ikustea, eta Oa-huetak izenburuaren esanahia ezagutu nahi duenak itxaron dezala azken abesti koreografiatua etorri arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.