'Lau mugimendutan'
Egilea: Esther Ferrer. Non: Artiumen (Gasteiz) Noiz arte: 2012ko urtarrilaren 8ra arte.
Zein erakusketari buruz jardungo dudan aukeratzea izaten da hamabostean behin idazten dudan kritika honen lehen pausoa, eta aukeraketa horrek duda asko sortzen dizkit.
Artiumen urriaren 7an Esther Ferrerrek (Donostia, 1937) egin zuen performancea ikusi ondoren, non ibili eta hitz egiten zuen, etengabe, isildu gabe, gelditu gabe... Esther Ferrer. Lau mugimendutan erakusketa ikustera joan nintzen.
Erakusketako lehendabiziko salan Autorretrato en el tiempo lana dugu ikusgai, bertan artistak bere buruari ateratako erretratuekin 1981-2009 denbora tartea irudikatzen du. Lau urtean behin joaten da argazki-dendara erretratua ateratzera, eta lau urtean behin, pose bera, enkoadratze bera, argiztapen bera eta abar errepikatzen ditu; hain antzeko eta era berean hain ezberdin diren erretratuak egiteko. Autorretrato en el tiempo-k gordintasunez erakusten du 30 urteren joana norberaren aurpegian. Horrexek, hau da, igaroa begi-bistan jartze horrek ematen dio lan honi indarra; arraro egiten zaigu ezinbesteko destinoa. Guztiok ateratzen dizkiogu geure buruari argazkiak, baina normalean denboraren igaroan erreparatzeko baino gehiago, hau harrapatzeko egiten dugu tranpa. Hala, artistak, guk ez bezala, helburua aldatuz, ohiko ekintza bat arrotz bihurtzen du.
Berdina gertatu zen, kasu, Artiumeko performancean. Ferrerrek askotariko publiko baten inguruan hitz egin eta ibili besterik ez zuen egin, baina, ez hitz jarioa eta ez mugimendua eteten ez zituenez, hitz egiteak eta ibiltzeak bestelako dimentsioa bereganatu zuten.
Ferrerren lana forma askotarikoa da; beharretik lan egiten duelako, eta era askotakoak direlako bizitza batek biltzen dituen beharrak. Performanceek, objektuek, instalazioek langai ezberdinak lantzen dituzte: denbora, errepikapena, infinitua eta presentzia. Baina artistak dio performanceek asebetetzen dutela gehien, eta esango nuke horiek direla haren lanaren funtsa: Al ritmo del tiempo, El tiempo de las performances, Recorrer un cuadrado de todas las formas posibles aipatzen ditut. Hemen dago erakusketaren erronketariko bat: nola egoki daiteke lan hau museoaren roletan? Nola irudika daitezke performanceak performancearekin berarekin ez bada? Horregatik, Ferrerren permormanceak sistematizatu eta erakusketa batean biltzea paradoxa konplexua da.
Performanceak gaur egun egiteko modu asko biltzen ditu, mugaezina da diziplinaren definizioa, baina denbora tarte batean eta leku jakinean egiten den ekintza iragankorra dela esango genuke. Eta iragankorra dena museoko hormetan iraunkor bihurtzea problematikoa da. Performancearen instituzionalizazioak beti pairatu duen arazo bat da hori, eta, esaterako, abangoardiatan Ferrer kide zen Zaj taldeak —Juan Hidalgo eta Walter Marchetirekin batera— artearen instituzionalizazio eta merkaturatzearen inguruko kuestionamendu handia egin zuen.
Horren guztiaren harira sortzen zaizkit erakusketa honekiko dudak: planteamenduak ez nau ase, eta uste dut bestelako erakusketa bat egin zitekeela Ferrerren lanaren inguruan, agian performancea museora eramateak duen zailtasuna ageriago utziz, agian dokumentuei bestelako presentzia bat emanez.
Bestalde, nahiz erakusketan jasotzen dugun liburuxkak dioen Esther Ferrer. Lau mugimendutan ez dela atzera begirakoa, ez dela antologikoa, zalantzak sortzen zaizkit, eta kostatzen zait erakusketa honi omenaldi kutsu handiegia ez hartzea. Ferrer poliki-poliki bereganatzen ari den ospeagatik —adibidez, 1999an Veneziako Biurtekoan Espainiako Estatuko ordezkari izan zen, eta 2008an Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zioten— jenio bihurtzeko arriskuan dago, eta ikuspuntu horrek, artista jainkotzen duenak, ez du —arte kapitalari ez bada— onurarik ekartzen. Izen handiegi horrek kalte egiten dio artistak behar duen lan egiteko askatasunari. Azken asteotan entzun eta irakurri ditugun simplemente genial moduko adierek artega jartzen naute, aspaldikoak baitira artean eta konkretuki feminismoan, artista bere jenio statusetik jaisteko saioak.
Bukatzeko, erakusketako zenbait lanen handitasunaren ondoan, nahiago dut beste lan txikiago batzuk transmititzen dutena. Esan dugu Ferrerrek dioela bere onenak performanceak direla, eta horiek zenbat eta elementu gutxiagorekin eginak izan, hobeto. Austeritatea baloratuz, gaur egungo performancearen teatralizazio joeraz abisatzen digu artistak, eta guk ere ikuskizunaren gizartean eskertzen dugu austeritatearen defentsa hau, nahiz eta gero erakusketaren errealitatean faltan sumatu. Horri buruz pentsatzen jarraitzeko, interesgarriak dira Gasteizen egiten ari diren zenbait jarduera: esaterako, 8 aldaera, 32 mugimendu Artiumen, eta RE.ACT.FEMINIS # 2 Performance Artxiboa Montehermoso kulturunean.
Artea. Kritika
Mugimenduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu