KRITIKA. Artea

Mugimendu kristalduak

Ion Munduate koreografo eta dantzariaren pieza, Gasteizko Artium museoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun

'Gorputzak momentu batez'



Artista: Ion Munduate. Lekua: Gasteizko Artium museoa. Noiz arte: maiatzaren 23ra arte.

Gorputza eta mugimendua elkarrekin datoz. Eta, era berean, gorputzak egituratutako koreografia propioak definitzen gaituela ondorioztatu genezake. Hanka bat tolestu, besoa altxatu, oin bat aurreratu… Bada, errepikapen horietan ere mugimendu bat bestearen atzetik dator eta, hala, aurreko mugimenduak atzean uzten ditugu. Eta, prozesu horietan gu aldatzen gara, gorputzak esperientziak bereganatzen ditu, eta mugimenduak sortzeko aukerak biderkatzen dira. Ildo horiei tiraka, hausnarketa prozesu batean murgiltzen gara Artiumeko Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barnean egituratzen ari den mostran.

Gorputzak momentu batez da Ion Munduate dantzariaren lanak aztertzeko aukera ematen digun mostraren izena. Hartan fisikoki espazioa hartuko duten gorputzak gureak izanen dira, eta murruetan proiektatutako ikus-entzunezkoetan beste gorputzen koreografiak ikusarazteko aukera dugu. Hiru pieza aurkezten dira, Caja Roja, 1998koa, Lucia con zeta, 1998koa, eta Traduciendo Locus, Cuaderno 1, 2016koa.

Mostra espazio bakarrean egituratzen da, zeinetan proiekzioak murruetan aurkezten diren. Prozesu interesgarria sortzen da, izan ere, gorpuztasuna ardatz izanik, eta espazioa guztiz irekia izanik, geure koreografia propioak aztertzeko aukera baitugu nolabait. Edota, bideoetan agertzen diren irudien mugimenduek blaitzen gaituzten heinean, horiek errepikatzeko bulkada izanik, espazioa berregituratzeko aukerei ateak irekitzen baitzaizkie.

Espazio ireki eta zabal horretara barneratzen garen momentuan, eskala handiko proiekzio batek hartzen gaitu, alegia, harrapatzen gaitu nolabait. Alde batetik, murrua hartzen duelako, eta, bestetik, hartan agertzen diren gorputzen eskala naturalak gertutasuna sorrarazten digulako. Eta, hein batean, erreproduzitzen dituzten koreografien partaide bihurtzen gara momentu horretan.

Bideoan lau pertsonaia aurkezten dira, bakoitzak liburuxka bat duela. Lurrean uzten dituzte, eta etzaten dira: irmotasunez, mugimendu zehatzez, zurruntasun artifiziala azalaraziz. Eta orduan hasten da dantza: koadernoak ireki, eta agertzen diren irudien posizioak berregiten dituzte, momentu horretan bertan lurra eszenografia bilakatuz.

Ikus-entzunezko horrekin kontrastean, laukizuzenean proiektatutako bestelako proiekzio bat ere badugu, zeinak, hein batean, kutsu klaustrofobikoa duen. Hartan, gorputz bat aurkezten da mugimendu azkarrak eta geldoak tartekatuz. Momentu jakin batean, bigarren gorputz bat agertzen da: proiekzio bat da hura. Bada, dantzariak koreografia partekatu bat sortzen du harekin ere. Sekuentzia horretan, Munduatek berak interpretatzen dituen bi koreografia sortzen dira, norberaren irudien bidez identitateari buruz hausnartzeko. Dantzatzen den heinean, gorputzak bat bihurtzen dira, gero banatzen dira, lehia egiten diote batak besteari… ez dakigu non hasten eta non amaitzen den gorputz bat, eta bestea.

Halaber, erakusketa espazioaren zabaltasunak eta hango bankutxoan kokatutako partituren koadernoak bertan agertzen diren posizioak berregiteko aukera ematen dute. Eta, era berean, artistaren sortze prozesuaren tripak azaleratzen dira. Irudia baita haren koreografien abiapuntua: partituretan marraztutako gorputzak, alegia. Mugimenduak ez dira desagertzen, kristaltzen baizik. Hala, posizioak berreginez, momentu jakin horretan, ikusleak performer bilakatzeko aukera sortzen da. Erlojuak markatutako momentu jakin batean, gorputzik gabeko gela hura mugimenduz blaitu dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.