'Soineko paisaia'
Artista: Nader Koochaki. Non: Baionako Euskal Museoan.Noiz arte: Apirilaren 9ra arte.Mendebaldetik beste aldera oso gutxitan begiratzen dugu, nahiz eta mugatik bertan bizi. Mugak, tamalez, badu oraindik ere pisua. Mugak, betiere, mugatu egiten du. Euskal Herriaren bi aldeen arteko komunikazioak oraindik ere eskasak dira arte esparruari dagokionez, eta maiz esfortzu berezia egitea beharrezkoa da han, alegia, Iparraldean, zertan dabiltzan enteratu nahi baldin bada bederen. Eta esfortzuak egitea ez da beti erraza —nigandik hasita—. Oraingoan, ordea, baten baten esfortzu gehigarriari esker, erakusketa baten gonbidapen zuzena iritsi zitzaidan, eta, hari erantzunez, nik ere esfortzu txiki bat egiteko ordua bazela erabaki nuen.
Gonbidapenean jasotako erakusketa proiektua Nader Koochakiren Soineko paisaia-rena zen, Baionako Euskal Museoan aurkezten dena. Museo horren entzutea banuen, baina sekula bisitatzeko aukerarik izan gabea nintzen; beraz, tira, hura ezagutzeko beta ere eskaintzen zidan bertaratzeak.
Lehen inpresioa, ordea, ez zen uste bezain ona izan egiazki. Euskal Museora sartu, eta arratsalde onak eman ondoren, arreta zerbitzuko ardura zuen gizonezkoak euskaraz ulertzen ez zuela adierazi baitzidan paparrean zintzilikatua zuen txarteleko bandera espainiarrera hatz erakuslea eramanaz. Pena eta tristura, halako izaera euskaltzalea duen —izenez behintzat— instituzio batean, euskaraz artatzeko aukerarik ere ez izatea. Ahal bezala —inongo seinalerik ez zegoen eta—, proiektua erakusgai zegoen txokora iristea lortu nuen. Arnasa sakon hartu, eta proiektuan zentratzeko garaia zen; garaia da.
Mahai luze bat dago espazioaren alde batean, gainazalean Gipuzkoako maparen irudia duena. Haren albo banatan, aulki, karpeta eta aurikular bana. Proposamena elementu soil horiek huts-hutsik osa zezaketen lasai asko. Eta hala ere, proiektu trinko, interesgarri eta aberatsa izaten jarraituko zukeen. Kasu honetan, ordea, eta haren osagarri gisara, horman esekita, banan-banan karpeta barneko fitxen kopiak agertzen dira, eta, horien artean, aldez alde doan zerrenda luze bat. Pegatina zuri luzexkaz osaturikoa da zerrenda, gainean erritmo zehatz bat iradokitzen duten tinta arrasto errepikakorrak dituena. Haien interpretazioaren inguruan egileak pistarik uzten ez duenez, bisitariak zentzua eman diezaiokeen edozer izan daiteke, kontakizuna edo narrazioa osatzeko balio dakiokeena. Aukera guztiak balizkoak dira.
Dena den, eta aurrez aipatu bezala, proiektuaren muina edo nukleoa mahaiaren inguruan biltzen da. Han eserita pasatu nuen ia ordubete, aurikularrak belarrietan eta begiak karpetako fitxetan nituela. Koochakik 2009. eta 2015. urteen bueltan Gipuzkoako mendi eta larreetan ikerketa eta landa-lan eskerga egin zuen, haien azalean edo soinean nagusitzen diren soinuak biltzen: artaldeen joaleenak. Aurikularrak belarrietan jarri, eta Ataun, Zegama eta Hernaniko zelai berdeetara bidaiatzen du bisitariak, mantentzea geroz eta nekezagoa den artzainen bizibidera hurbilduz eta Euskal Herriko paisaiaren zati esanguratsu bilakatuak diren soinuetan barneratuz; haien presentziaz edo presentzia ezaz hausnartuz.
Artxibo zabala da, ehunetik gora fitxa eta audio grabazioz osaturikoa. Eta fitxa bakoitzean, grabazioaren eguneko kontakizun, detaile eta aztarnak daude xarmanki jasota; entzuten den horri testuingurua eskainiz; soinu paisaia osatuz eta sakonduz, luze zein zabal; Koochakiren proiektuetan ohikoa denez, antropologiaren eta artearen arteko hibridazioan kokatuz.
Ez da proiektua ikusten dudan lehen aldia, baina bai behar bezala disfrutatzeko aukera izan dudan lehena. Tabakalerako erakustaretoa inauguratu zuten mostraren barruan ikusi nuen lana lehen aldiz, eta atentzioa eman zidan; bereziki ona eta interesgarria iruditu zitzaidan, baina, erakusketa osatzen zuten beste lan guztien artean, galdu egiten zen. Oraingoan, berriz, lanak entitate propioa hartzeko aukera izan du —museoko txoko txiki batean bada ere—, eta behar bezala hartaz gozatzeko modua eskaintzen da.
Gonbidapenean, instalazioa Koochakik urte bukaera aldera eta leku berean aurkeztuko duen Museoa urtu izeneko erakusketaren hitzaurre gisara aurkezten zen. Hala izanik, egilearen hurrengo erakusketaren zain gelditzen gara, berriz ere muga gurutzatzeko prest.