'Zomorrotu'

Mozorroak

Egilea: Aintzane Usandizaga. Argitaletxea: Elkar.

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Emakume bat bi aurpegirekin, mozorrotuta bezala, anbibalente. Horixe da Aintzane Usandizagak Elkar etxean argitaratu berri duen Zomorrotu obraren azalak iradoki didana lehen begiratuan, eta ez da, kontakizunetan aurkitu dudanarekin alderatuta, oso bestelako irudia.

Usandizagak apailatu duen obra, hasteko, anbiguoa da genero literarioari dagokionez. Irakurleak kapitulutan antolatuta dauden bost kontakizun aurkituko ditu, buruaskiak izan daitezkeenak, baina, aldi berean, euren artean lotzen dituzten korapiloz eraikita daude guztiak. Lotura nabarmenenak obrako elementu utilitarioak dira, alegia, batetik bestera dabiltzan pertsonaiak eta espazioak, baina, badira kontakizunei itxura nobelatuago bat ematen dioten ezaugarri inplizituagoak ere, estilo narratibo zein kanpo-egiturari dagozkionak. Irakurleak kontalari eta ahots berarekin egingo du topo istorio guztietan, kanpotik begira dabilen narratzaile orojakile batekin, perspektiba eta fokalizazio berberetik mintzo zaiguna, hain zuzen. Ezaugarri horrek etenik ez duten konposizioak direla iradokitzen digu. Bestetik, kanpo-egiturak ere ipuinen nobelazio horretarantz eraman lezake irakurlea, kontakizun bakoitza kapituluz osatuta dagoen heinean. Kapituluak normalean eleberrietan agertzen dira, ipuinetan ez horrenbeste, besteak beste, azken hauek izan ohi duten laburtasunak berak eragotzita. Kasu honetan, imajinatzen dut idazleak kapituluen aldeko hautua egin duela ipuinen luzerak bultzatuta, baita eszena batetik besterako saltoak handi samarrak izan direlako ere. Hala iruditu zait, behintzat, Akiles, Arrastoa edo Proiektua ipuinetan. Gainontzekoetan, ordea, ebakiok ez zaizkit horren arrazoizkoak begitandu, ipuinek berezkoa duten intentsitate horri traba egiten dioten inpresioa izan baitut, irakurketa gehiegi mozten (eta maiz luzatzen) duten heinean. Ez dakit kasu horietan, kapituluak liburuaren koherentzia mantentzeko gehitu diren, hots, bi generoen arteko eremu zingiratsu horretan jarraitzeko, edo benetan idazleari sortze prozesuan otu zaizkion, testuak hala eskatuta.

Genero literarioak ez ezik, pertsonaien izaerek eta bizitzek ere azaleko emakumeak proposatzen digun joko anbibalente horretara eraman naute, guztiak iruditu baitzaizkit, Usandizagaren aurreneko lanari keinu eginez, euren bizitzetan kabitu ezinean dabiltzan antzezleak. Eta antzezle diot, sinbolikoki, zomorroturik ez ezik, mozorroturik ere bizi direlako: barrenak kezkaz eta proiektuz lehertzear izan arren, etxetik kanpo gizartearen arauak eta tempoak jarraitzen dituzten pertsonaia politikoki zuzenak hezurmamitu dira orriotan. Iruditzen zait itxurakeria eta dohakabetasun horren guztiaren atzean badagoela egungo gizarteaz hausnartzeko nahirik, eta gustatu egin zait, gainera, hori proposatzeko idazleak hautatu duen erregistro komikoa. Izan ere, zuzentasun sozial eta pasibotasun hori apurtzen duten kontrasteak ere agertzen dira, eta, batez ere, bukaeran datoz kolpe horiek. Nahiz eta ipuin guztiek maila bera ez izan, duda barik, bukaera horietan biltzen da kontakizunen indarra, baita idazlearen beraren marka ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.